1936ko gerran Madariagan eraildako pertsona baten gorpuzkiak lurperatu dituzte Duintasunaren Kolunbarioan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko urt. 30a, 19:15

Javier Zubizarreta eta Miguel Angel Bastida, Madariagan aurkitutako biktimaren gorpuzkiak hilobiratzen. (Azkoitiko Udala) Gaur goizean Elgoibarren Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu dute. Bertan 1936ko gerran  desagertutako 27 pertsonen gorpuzkiak hilobiratu dituzte. Gorpuzkiak Aranzadi zientzia elkarteak azken urteotan aurkitutakoak dira, eta aurkitu dituzten udalerrietako ordezkariek parte hartu dute hilobiratze ekitaldian. Azkoitiko Madariaga auzoan pertsona baten gorpuzkiak aurkitu zituen Aranzadik 2007an, eta gaur hilobiratu dituzte. Bertan izan dira Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Miguel Angel Bastida zinegotzia. Zubizarretak eta Bastidak hilobiratu dituzte 2007ko abenduan Aranzadik lurpetik ateratako pertsonaren gorpuzkiak. Ikerketen arabera, 1936ko irailean Madariaga auzoan tiroz hil zuten 25 urte inguruko gazte batenak dira. Eraila izan eta handik 71 urtera atera zituzten gorpuzkiak lurpetik, eta gaurtik aurrera Kolunbarioan egongo dira, Elgoibarko Olaso hilerriaren inguruan. Arrasaten, Andoainen, Azkoitian, Elgetan, Elgoibarren, Legution, Lemoan, Mañarian, Mutrikun, Gaubean, Zaldibian eta Zigoitian aurkitutakoak dira gorpuzkiak, eta desagertutako 27 pertsonetatik 25 identifikatu gabekoak dira. Paco Etxeberria Aranzadiko lehendakaria ekitaldian izan da, eta  irmo hitz egin du gorpuzkien inguruan: "Ez dira hezurrak, pertsonak dira, beren sentimendu eta familiekin, eta errespetua merezi dute". Azpimarratu du Kolunbarioa atsedenleku egokia izango dela. "Biktimek memoriarako eskubidea badute, gizarteak memoriarekiko ardura bat du", gaineratu du. Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duenez, 27 pertsona horien memoria ohoratuta, "1936ko gerran askatasuna eta demokrazia babesten desagertu ziren pertsona guztiak" gogoratu dituzte. "Amaitu da iluntasunaren eta isiltasunaren garaia", esan du. Haren arabera, gerran desagertu ziren pertsonak “bidegabekeria kriminal baten biktima" izan ziren, eta haien familiek sufrimendu "bidegabea” jasan dute. Kolunbarioa "ahanzturatik memoriarako urratsaren edo iluntasunetik argitarako urratsaren ikurra" dela erantsi du. Ekitaldiko bideoa ikus daiteke daiteke Berria.eus atarian.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide