Igerilari gazteak Taosako kideekin, Azpeitiko igerilekuan. (Jon Arano)
Taosa igeriketa taldeak urtarrilaren 14an egin zuen debuta igerilekuetako lehiaketetan. Haurrekin egin zuten estreinaldia Azpeitian, eskola kirolaren barruan. Hogei bat ume joan ziren jardunaldi horretara eta maila polita erakutsi ondoren, pozik atera ziren guztiak, haurrak, gurasoak eta Taosako kideak.
Orain urte gutxi batzuk udako itsas zeharkaldietara begira sortutako igeriketa taldearentzat beste pauso bat izan da igerilekuko lehiaketetan hastea. "Gehienbat haurrekin bideratu dugu. Gure mailetan igerilekuan lehiatzeko gogo hori ez dugu oraingoz. Horretarako, gainera, klubak federatuta egon beharko luke eta, gaur egun, ez dugu planteatu ere egiten; ez guk lehiatzeko, behintzat", adierazi du Axier Olasagasti Taosako kideak. "Federatu nahiko genuke elkartea, baina haurrak lehiatu daitezen. Aurten txikiekin hasi gara, eskola kirolaren barruan, federatu gabe parte hartu dezaketelako lehian".
Lubaki kiroldegira joaten denak ikusiko du igerilekua jendez gainezka egoten dela eguneko zenbait ordutan. Modan dagoen kirola da igeriketa Zumaian eta, interes horri erantzun nahian, Kirol Patronatuak zenbait ikastaro antolatu ditu. "Arazoa da behin igerian ikasten dutenean edo maila batera heltzen direnean, ez dutela irtenbiderik. Kirol hau egiten jarraitzeko kanpora joan behar dute, Zarautzera edo Azpeitiara", dio Taosako kide Imanol Badiolak. Ume hauen zaletasunari jarraipena eman nahian hasi da kluba haurrak lehiaketetara eramaten, "klubari ere onurak ekarriko dizkiolako".
Lubakiko igerilekuko ikastaroek sei maila dituzte eta lehiatzeko orduan oinarri sendoenak dituztenei dei egin die. "Ohiko ikastaroez gain, ostiraletan beste saio berezi bat antolatu dugu beraientzat, beti ere lehiaketara bideratuta". 40 bat gutun igorri zituzten eta 20 bat haurrek erantzun dute. "Beraiek ere ez zekiten ondo lehiaketak nolakoak izango ziren. Bazuten, bai, lehiatzeko gogo hori. Azpeitira joan ginenean eta igerilekuan 200 bat ume ikusi zituztenean, harrituta geratu ziren, bai umeak baita gurasoak ere".
Zailtasunak
Estraineko hitzorduan haurrek maila polita erakutsi zutela nabarmendu dute. "Denontzako pozgarria izan zen. Haurrak ilusioz beteta daude". Datozen hilabeteotan OƱatin, Bergaran eta Eibarren egingo diren jardunaldietara joateko gogoz daude. "Hasieran esaten genien oraindik landu gabeko umeak direla. Ohiko ikastaroez gain, gurekin ordubete egiten dute eta ahal duguna erakusten diegu. Beste herrietan, Azpeitiko klubean, adibidez, astean hiruzpalau aldiz entrenatzen dute. Saio espezifikoak egiten dituzte. Gure proiektu honetan antzerako zerbait egin nahiko genuke".
Lubakin eskaintzen diren ikastaroen sisteman aldaketak egitea eskatzen dute. "Behin igerian ikasten dutenean eta maila bat dutenean, klubera pasatzea proposatzen dugu. Hala, taldean jarraipena izango lukete beraiek nahi duten arte. Eta, behin federatuta, adin tarte batean, astero izango lituzkete jardunaldiak".
Asmoak aurrera eramateko, ordea, zailtasunak dituzte. Gai honen inguruan Kirol Patronatuarekin talka egin dutela diote. "Orain dugunaz gain gehiago ez dugu eskatzen. Dutenaren [ikastaroen] zati bat guri uztea eskatzen dugu, harekin lan egiteko. Haur hauek inguratuta, entrenatzaile bat ekartzeko aukera sortuko litzateke. Baina beraiek ez dute nahi".
Federatzearen kontua dator atzetik. Kirol Patronatuaren laguntza jasotzeko federatu behar izatera behartzen dutela salatzen dute, gaur egun, bideraezina dena. "Igeriketan federatzeko 3.000 euro ordaindu behar ditu klubak urtero. Mila fitxa dituen klub indartsu batek edo hamar bazkide dituenak kopuru bera ordaindu behar du. Hori astakeria da. Orain 30 lagun gaude klubean eta ezin dugu kopuru hori gure gain hartu. Talde bezala pausoak ematen joateko Kirol Patronatuaren laguntza behar dugu".