LABek salatu du adostu berri duten aldi baterako Lana Erregulatzeko Txostenarekin 72 lanpostu desagertuko direla, gutxienez. "Disponibilitatea erabiltzen badu, 181 lanpostu desagertuko lirateke". Sindikatuko kideen arabera, hori ezin da ulertu, oraintxe Lana Erregulatzeko Txostena onartu dutenean: "Eta are gutxiago ulertzen dugu sindikatu batzuk akordioa sinatzeko prest egotea". Akordioa "antisindikala" dela esan dute, "lantokiaren etorkizunaren inguruko bermerik ezartzen ez delako, eta langileek soldatarekin enpresa finantziatzeaz gain, lan gehiago egin beharko dutelako". Horrez gain, akordioa "antisoziala" dela dio LABek, "enplegua desagerrarazten duelako".
ELAri "kezka handia" sortzen dio prozesuan enpresak "inolako" konpromisorik hartu ez izanak "geroari dagokionez". Sindikatuaren arabera, Sidenorrek ez du inbertsiorik agindu, ez industria planik zehaztu, ezta lan baldintza okerragoak izango dituzten langileen etorkizuna bermatu. ELAk salatu du astebeteko epean berretsi behar dela akordioa, enpresak eta akordioa sinatu duten sindikatuek hala erdietsi dutelako. "Langileen zati handi bat oporretan dela baliatu nahi da, ezkutuan eta langileei bizkar emanda sortu den akordioa berresteko". ELAk esan du "oso larria" dela Sidenorren gertatzen ari dena.
Agerikoa da Sidenorren egoera ez dela onena. Izan ere, abenduaren 8an lortu zuen enpresak aldi baterako Lana Erregulatzeko Txostenaren gaineko akordioa UGT, CCOO, LSB eta CSI sindikatuekin (enpresaren ordezkaritzaren %76 dute horiek). Hori dela-eta, hainbat neurri aplikatuko dituzte enpresako lantegietan; tartean, Azkoitikoan. LAB, ELA eta ESK sindikatuek ez zuten sinatu akordioa. Bi urterako Lana Erregulatzeko Txostenak lantegietako jarduna, batez beste, %50era murriztuko du. Azkoitiko lantegiaren kasuan, lan orduak %62 murriztuko dituzte. Duela hamar egun hasi zituzten Sidenor enpresako zuzendaritzak eta haren lantegietan ordezkaritza duten sindikatuek Lana Erregulatzeko Txostena (LET) negoziatzeko bilerak, eta gaur, osteguna, sinatu dute akordioa.