Eskualdeko bi asbesbatza, Kursaalen egingo duten 'Mesias' oratorian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko abe. 9a, 12:43

Azkoitiko Iraurgi eta Zumaiako San Pedro abesbatzek kantatuko dute beste lau kororekin batera. Donostia 2016 egitasmoaren barrukoa da astearteko kontzertua.

San Pedro abesbatzako kideak pasa den asteburuan egindako entseguan. () Gipuzkoako sei abesbatzek hartuko dute parte datorren asteartean Donostiako Kursaalen egingo den Mesias obraren oratorian. 19:30ean hasiko da emanaldia. Sarrera aurrez erosteko aukera dago Kursaal.eus atarian. Abesbatza horietatik bi Urola Kosta eskualdekoak dira: Azkoitiko Iraurgi eta Zumaiako San Pedro. Berrehundik gora ahotsek egingo dute bat Donostia 2016 Europako kultur hiriburuaren egitarauaren barruko "musikaren ospakizun kolektiboan". Hala definitu zuten azaroaren amaieran musika ekitaldiaren aurkezpenean Pablo Berastegi Donostia 2016ren zuzendari orokorrak eta La Caixa Fundazioko Nuria Ollerrek. Bertan izan zen San Pedro Abesbatzako kide Iker Gonzalez Cobeaga zumaiarra ere. "Esperientzia errepikaezin honek" koruko abeslari amateurrak eta nazioartean ospetsuak diren orkestrak, bakarlariak eta zuzendariak bilduko ditu. Jean Christophe Spinosi zuzendari frantziarrak gidatuko du Ensemble Matheus eta Les Elements orkestrek osatutako musika taldea. Bakarlari lanetan Sabina Puertolas sopranoa, David DQ Lee kontratenorra, Krystian Adam tenorra eta Christian Senn baxua arituko dira. Horiekin batera, bakoitzak bere eserlekutik, Gipuzkoako hainbat korutako 212 kidek ere parte hartuko dute kontzertuan. Abesbatzak Hondarribiako Eskifaia, Arrasateko Goikobalu, Tolosako Hodeiertz, Azkoitiko Iraurgi, Ordiziako Oroith eta Zumaiako San Pedro izango dira. "Parte hartuko duten abesbatzen  lana obraren hainbat zatitan entzungo da, batzutan eszenako koruarekin elkarrizketan edota bi koruak indarrak batuz momentu gorenetan", azaldu du Zumaiako abesbatzako Iker Gonzalez Cobeagak. Obra ezagunenetakoa San Pedro abesbatzak uztaila aldera jaso zuen kontzertu honetan parte hartzeko proposamena. "Baiezkoa eman genuen, baina orduan abuztuko proiektu handiarekin genbiltzan buru-belarri, eta oraingo emanaldi honen prestakuntza iraila arte atzeratu genuen", azaldu du San Pedro abesbatzakoak. "Hala ere, erronka handia denez, abuztuko oporretan banatu genituen ikasi beharreko partiturak, eta, grabaketen bidez, taldeko prestaketarekin hasi aurretik, abeslari bakoitzak bere lan pertsonala egiteko aukera izan zuen». Gregor Friederich Handel musikariaren Mesias oratoria musikaren historian sortutako obra guztien artean ezagunenetakoa dela dio Gonzalez Cobeagak, batez ere  obraren bigarren zatiaren amaierako Hallelujah. "Gure inguruan Gabonetan eskaintzen den arren, obra honetan Jesusen bizitzako pasarte ezberdinak agertzen dira". Obra handia da. Luzea, ia bi ordu eta erdiko iraupena duena. San Pedroren neurriko abesbatza batentzat bere aldetik halako emanaldi bat egitea ezinezkoa izango litzateke: "Ez bakarrik eskatzen duen musikagatik, baita ekoizpen aldetik eskatzen duenagatik ere: orkestra barroko bat, hainbat bakarlari...". Azken urteetan kontzertu parte-hartzaileak antolatu dituzte, eta horiei esker aukera zabaldu egin zaie: "Obraren zati bat abesteko aukera izango dugu beste talde batzuekin batera, orkestra eta koru profesional baten inguruan". Erronka handia Gonzalezez esanetan, erronka handia izan da San Pedro osatzen duen familiarentzat, "baita esperientzia berezi bat bizitzeko aukera ere. Beste taldeekin lana partekatzeko aukera beti da aberasgarria. Obra honek hainbat zailtasun ditu, batzuetan hainbat nota abestu behar dira ez dakizunak arnasa non hartu, besteetan, berriz, egin beharreko salto musikalak harrigarriak dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide