(Marina Balenziaga)
Global Training beka jasota, Liverpooleko Unibertsitatean (Erresuma Batua) euskara irakasten ari da Marina Balenziaga (Azkoitia, 1990), joan den urritik.
Zein da zure egitekoa unibertsitatean?
Hizkuntza eta Kultura Modernoen sailean egiten dut lan, Basque studies programaren barruan. Euskara irakasten dut, baina, horrez gain, euskara sustatzeko ekitaldiak, Basque taster session deiturikoak, egiten ditugu. Unibertsitateko saio horietara Liverpooleko eskoletako ikasleak etortzen dira, eta haiei Euskal Herriari eta euskarari buruz hitz egiten diegu. Egia esan, oso polita da hemengo gazteak euskarazko hitzak ikasten ikustea.
Nongoak dira unibertsitateko euskara ikasleak?
Ikasturte honetan Liverpooleko eta inguruko herrietako ikasleak ditugu. Eta Erasmus bekari esker, Bartzelonatik etorritako ikasle batzuk ere bai. Batzuk interesa zutelako hasi ziren euskara ikasten, eta, beste batzuk, Euskal Herriarekin lotura dutelako. Ikasleetako batek, esaterako, lagunak ditu Elgoibarren, eta joan den ikasturtean han egon zen beka bat tarteko. Beste batek, berriz, euskaldunak ditu gurasoak.
Harrera ona al dute euskara saioek?
Bai, ikasleek oso gustuko dituzte, eta asko ahalegintzen dira. Halere, esan behar da ez dugula ikasle askorik. Euskara ikastera datozen ikasle asko aurretik gaztelania ikasten aritutakoak dira, eta haien gelakide ugarik katalana edo portugesa aukeratzen dute euskara hautatu beharrean. Unibertsitatean, oro har, euskara oso hizkuntza zaila delako aurreiritzia dute.
Jendeak badu euskara ikasteko kuriositaterik atzerrian?
Baietz esango nuke. Liverpoolen euskararekin asko interesatzen diren lagunak ditut, horrelako herri txiki batek hain desberdina den hizkuntza propioa izatea asko miresten baitute. Askotan galdetzen didate gauza bat edo bestea nola esaten den euskaraz. Hemengo jendea oso irekia eta lagunkoia da, eta interes orokor bat badagoela uste dut; euskararekiko interesa ere bai. Aurrekoan, adibidez, taxi gidari batek nongoa nintzen galdetu zidan, eta euskalduna nintzela jakitean, thank you euskaraz nola esaten zen galdetu zidan. «Eskerrik asko» esanez agurtu ninduen. Horrelako egoera bat baino gehiago bizi izan dut. Polita da halakoak gertatzea.
Garrantzitsua al da atzerrian euskara ikasteko aukera eskaintzea?
Baietz uste dut. Europako hizkuntza zaharrenetakoa da euskara, eta oso aberasgarria da horrelako hizkuntza bat izatea europar guztientzat. Irakasteko aukerak izatea nahiko zaila da, baina, gutxienez, hizkuntzaren berri emateko aukera eskaini behar litzateke, askok ez baitakite Euskal Herrian gaztelania ez den hizkuntza bat dugunik ere.
Zer moduzko esperientzia ari da izaten unibertsitatekoa?
Helduen irakaskuntzan eta unibertsitatean lanean aritzen naizen lehen aldia da. Saioak ematea berria da niretzat, eta baita ekitaldiak antolatzea ere. Sistema berri batean murgildu naiz, eta, egia esan, asko ari naiz ikasten. Lankide eta ikasle oso jatorrak egokitu zaizkit, eta oso esperientzia ona ari da izaten.
Horko lanak ba al du loturarik eginda dituzun ikasketekin?
Itzulpengintza eta Interpretazioa ikasi nuen, eta, gero, Ikus-entzunezko Itzulpengintza. Edizio eta zuzenketa ikasketak ere baditut, eta euskararen 4. mailako agiria ere bai. Beraz, hemengo egitekoak oso lotuta daude ditudan ikasketekin.
Noiz arte egongo zara Liverpoolen?
2017ko apirilera artekoa da beka, eta garaia iristean ikusiko dugu zer gertatzen den.
Gustura zaude, beraz.
Ikaragarri gustura. Bizi-bizirik dago hiria: ekitaldi eta kontzertu ugari, musika entzuten da toki guztietan... Zerbaitegatik da The Beatlesen hiria. Hiriko giroa paregabea da. Halere, jendea da gehien gustatu zaidana. Jende jatorra, alaia eta atsegina da hemengoa; beti laguntzeko prest daude. Ikasleen babes handia sentitu dut lanean. Izan ere, adierazi egiten dute asko eskertzen dutela egiten duzun lana. Txarrean eta onean, baina babesa ematen dute hemengo herritarrek.
Euskal Herriarekin alderatuz, desberdina al da horko bizitza?
Bai eta ez. Egia esan, ez zait batere kostatu hemengo bizimodura egokitzea. Hori bai, hotz handia egiten du, baina Euskal Herrian baino euri gehiago ez duela egingo, seguru!