Inazio Tolosa: "Umoreak kolore asko ditu eta puntu komun bat: barre egitea"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko abe. 2a, 10:28

Ramon Agirrerekin batera, ‘Putinen guardasola’ antzezlana oholtzaratuko du aktore zumaiarrak gaur, 22:00etan, Aita Mari aretoan. Umoreari buruz hizketan aritu da.

(Juan Luis Romatet) Zer da obran kontatzen dena? Gu Ray eta Nick gara, antzezlaneko bi pertsonaiak. Eusko Jaurlaritzak bidali gaitu euskaldun guztiok batuko gaituen ereserkia bilatzera. Lan hori serio hartzen dugu, eta munduan dauden ereserkien funtsaren bila abiatzen gara. Sistema berezi bat daukagu, oso zientifikoa dena, hori guztia egiteko. Kontsentsu handikoa dena: dona dona katona, eta tokatzen dena. Horrekin munduan zehar gabiltza. Basamortuan, Mexikotik pasatzen gara… Beste abentura bat da. Xentimorik gaberen hirugarren kapitulua edo atala da. Uste al zenuten lehenengoa sortu zenutenean, hirugarren batera helduko zinetela? Ba ez. Bat egin genuen, eta bi urtera galdera egin genion elkarri ea bigarren bat egiteko prest geunden. Jarraitzen dugu, gustura gaude, ongi funtzionatzen du, eta herriz herri gabiltza gure titiriteroen mundu honetan. Horretarako oso baliagarria egiten zaigu. Jarraitzen dugu ahalik eta ondoen eta dibertigarriago egiten. Beti dago musika, komedia, absurdoa, eta hori dena uztartuz egiten dugu lana. Gaur egungo gaietan oinarritzen al zarete antzezlana muntatzeko? Bai, badu gaur egungoarekin lotura, baina ez gara bereziki kritikoak edo zorrotzak. Gurea da absurdoa absurdoagatik. Xentimorik gabe agian absurdoagoa zen. Orain badugu ildo naturalago bat. Badu hasiera eta bukaera bat, eta obra jarraitu egin behar da. Baina badu inprobisazio  puntu hori. Ematen du zenbait gauza asmatzen ari garela… eta, agian, egia da! Musika ere sartzen duzue zuen lan hauetan. Erraza al da era natural batean integratzea, ez izatea behartutakoa. Ez, baina batzutan musika bera da abiapuntua. Musika istorioaren hezurduran dago sartuta. Ez da gero obrari gehitu zaiona. Agian, badu musikalen puntu hori; musikal dekadentearen puntu hori badauka. Ez dugu hori ukatuko. Aintzinako kabaretekoa, music hall-ekoa… Egon badaude oraindik halako ikuskizunak. Umorea lantzen duzue. Umorea beharrezkoa da? Umorea beharrezkoa da, bai bizitzeko, bai egotekoa eta lan egiteko ere bai. Umoreak zer ematen dizu? Plazer bat da. Umorearekin jolastea dibertigarria da. Ikuslearekin komunikatzen bazara, behintzat. Oso dibertigarria da, bai egiteko, bai sentitzeko, bai ikusteko ere. Zure genero gogokoena izan daiteke, agian? Badago kondena bat ere. Ezin ditugu gauza asko egin, zoritxarrez. Aukera zabalagoa izango bagenu, gehiago egingo genuke. Drama bat egin nuen orain denbora bat, Zu gabe, heriotzari buruz zena. Aukeran nahiago umorea, baina ez nago beste generoetara itxita. Komediarekin errazagoa ere bada herriz herri ibiltzea. Komertzialagoa ere bada, nolabait esanda. Ramon Agirrerekin berriro lanean. Zer nolako harremana da zuena? Uste ondo moldatzen garela musika aldetik. Berak kantatu egiten du; oso kantuzalea da, beti egon da kantu giroan. Orain 30 urte antzezlan bat egin genuen eta elkarrekin joaten ginen autoan. Hainbeste ordu kotxean, zerbait egin behar zen, eta kantuan hasten ginen. Konturatzen zara kantuaren feeling hori badagoela. Ez bakarrik ondo kantatzea, umorearekin kantatzea. Zuen umorea parekoa al da? Oso umore desberdina dugu. Nik uste ni gehiago moldatzen naizela bere umorera, Ramon nirera baino. Gauza askotan bat egiten dugu, baina beste puntu zorrotzetan ez hainbeste. Berak idazten du, baina sorkuntza lana hiruron artekoa da: Asier Sota zuzendaria, Ramon eta nirea.  Asierrek zuzendu ditu hiru lanak eta berak ere oso umore berezia du. Umore kontuak oso partikularrak dira. Batzuk oso txistezaleak dira, eta ni ez naiz inoiz txiste baten musika horrekin geratzen. Umoreak kolore asko, gama asko ditu eta, era berean, badago, noski, puntu komun bat: barre egitea. Umoreak badu bere ideologia eta baita etika ere. Aurreko lanekin alderatuta, zer desberdintasun du honek? Bigarrena Ez dok amairuren historia zeb. Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Mikel Laboarekin, haien kantekin jokatzea. Bizitza paralelo bat asmatu genuen: gu Ez dok amairu taldekoak ginela, argazkian ez ginela azaldu, baina han geundela. Ikuspegi pertsonala erakusten genuen, nahiz eta dena gezurra zen. Oraingoan enkargu bat egin digute eta gu, sano-sano, enkargu hori betetzera goaz. Euskal kulturari keinuak egiten dizkiozue zuen lanetan. Bai, abiapuntua beti da euskal kultura. Gure obrak beste hizkuntza batean egingo balira, %60 galduko lukete. Ez lirateke ulertuko, eta beste joko batzuk asmatu beharko ziren. Gure mugetatik kanpo zentzurik ez lukete, baina horren falta ere sumatzen nuen. Bada nazioarteko umore bat, filmetan eta ikus daitekeena, baina hemengo umore zuzena ez da erraza aurkitzen. Hau bada aukera bat hemengo umorea ikusteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide