Santiagoko dunetako pinuen herena kenduko dute, ez guzti-guztiak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko aza. 30a, 09:54

Itsasertzetik hurbilenak dauden pinuak kenduko dituzte, baita barrualdean dauden batzuk ere. Etorkizun batean bertako espezieak landatuko dituzte, errespetatzen den eremuan.

Pinuak kentzeak Santiagoko dunak garatzen laguntzea du helburu. (Juan Luis Romatet) Santiagoko dunan dauden pinu guztiak kenduko zituztela iragarri zuen orain astebete Zumaiako Udalak. Babes maila berezia eskatzen duen ekosistema hori garatzeko espezie inbaditzaileak kentzea beharrezkoa zela zioen oharrak, eta horien artean daude. Informazioa, baina, ez zen zuzena: Santiagoko dunetan dauden pinuen herena besterik ez dute kenduko. Besteak, oraingoz, bere horretan utziko dituzte. Hala adierazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar baten bidez. Kanpaina hau Life + Arcos izeneko egitasmo baten barruan sartzen da. Kantabria eta Euskadi artean banatuta, Natura 2000 sareko hamar naturgunetan ari dira egitasmoa egiten. Gipuzkoako Foru Aldunditik adierazi dutenez, proiektuaren muina "dunetako ekosistema horien kontserbazio egoera hobetzean datza". Lanak iaz hasi ziren eta beste hiru urtez luzatuko dira. Kontserbazio neurri horiek gauzatzeko, zenbait ekintza aurreikusi dituzte. Hala, hainbat eremu hesitu dira eta zenbait landare inbaditzaile kendu dituzte. Horien artean, Zuloagako lorategitik hondartzara zabaldu diren itsas pinuak (Pinus pinaster) daude. "Espezie hauek zabaltzen ari dira eta dunaren berezko ezaugarriak eraldatzen". Aldundiko teknikarien esanetan, ordea, dunarentzako onuragarria den pinu kentze horrek eragina izan dezake inguruko espezien artean: "Pinudiaren babesean berriki ezagutu diren orkideoek eta perretxikoek, haien babesa eta itzala galduz gero, atzera egin dezakete". Oreka bat aurkitu nahian, erdibideko konponketa baten aldeko erabakia hartu dute: egungo pinudiaren itsasaldeko zatia  botatzea aurreikusten du eta atzeragokoari, Zuloagaren sailetik gertuena dagoenari, tartean aleren bat edo beste kentzea. Itzaleko gune horretan kentzen diren pinuak pixkanaka bertako landareekin ordezkatzea aurreikusten dute aldundikoek: artelatzez, gurbitzez eta txorbeltzez. Datorren urtean zehar landare inbaditzaileak kentzen jarraitzeko asmoa du Gipuzkoako Foru Aldundiak, "pinurik ez momentuz. Eta, datorren negurako utziko genuke mehatxatutako eta berriki desagertu diren beste espezieak berriro sartzea. Gauzak ondo, Zumaiako Santiago, Euskal Herriko dunen artean erreferente bihurtuko da, bai hartu duen azaleragatik zein bertan sortu den landaretzaren aniztasunagatik eta dituen berezitasunengatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide