Industria-ondarearen zentroa Mataderian joatea onartu du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko aza. 29a, 10:46

Moilaberriko estazio zaharrean kokatzea proposatu zuen hasieran PSE-EEk bere mozioan. Eraikin horretan flyscharen inguruko zentroa sortzeko ideia du, ordea, Udal Gobernuak.

ZIIZen zentroaren kokalekuak sortu zuen azaroko udalbatzarreko eztabaida sutsuena. (J.L. Romatet) Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroak (ZIIZ) etorkizun batean izan dezakeen museo edo egoitzaren inguruan izan den eztabaida sutsuena pasa den osteguneko Zumaiako Udaleko azaroko ohiko udalbatzarrean. Beste aztergaien inguruan ia erabateko adostasuna  izan zen udalbatza osatzen duten hiru alderdien artean. Udalbatzarraren bezperan PSE-EEk industria-ondarearen zentro horren inguruko mozioa iragarri zuen. Moilaberrin, Gernika parkean, dagoen Urolako trenaren estazio zaharra ikusten zuen alderdi sozialistak zentro horretarako gune egokia. Iritzi berekoak dira ZIIZeko kideak ere. Mozioa udaleko erregistroan sartu eta hedabideen bidez jakitera eman ondoren hasi ziren mugimenduak: telefono deiak, proposamenak eta eranskinak. Udalbatzarra hastear zela oraindik azken orduko bilerak egin zituzten hiru alderdietako bozeramaileek. PSE-EEko bozeramaile Arritxu Marañonek defendatu zuen mozioa. Zumaiaren aberastasuna aipatuz: "Gipuzkoan badu aberastasun bat ia bakarra egiten duena, industria-ondarearena. Herriaren eta herritarren iraganari esker ona adierazi behar zaio, iraganean Zumaiak izan zuen industria aberastasunagatik gaude-eta gaur egun gauden bezala". ZIIZ elkartearen beraren "seriotasuna" nabarmendu zuen jarraian Marañonek: "2009. urtetik ari dira eta jendea oso fidagarria da, materiala jasotzen joan dena eta espazio fisiko bat eskatu duena. Estazio zaharra zen kokalekuan jartzea eskatzen dugu. Ez da egoskorkeria. Eraikin hori hutsik dago aspalditik eta, gainera, babestuta dago. Herriaren beraren izaera industrialaren ispilua da. Ramon Cortazar arkitektoak gindako lanen erakusgarri bakanetakoa da, XX. mende hasierako euskal arkitektura itxurakoa. Ez dugu hutsik dagoen antzeko lekurik ezagutzen. Egin dadila proiektua, egin dadila zentroa, duina eta garrantzitsua", gaineratu zuen. Mozioa bere horretan kontuan hartzea eskatu zuen EH Bilduko bozeramaile Alex Olidenek. Honek ere ZIIZekoen lana azpimarratu zuen. Gernika parkeko estazioaren ordez beste lekuren batean kokatuko balitz, elkartearen itxaropenak ez zirela beteko, esan zuen Olidenek, "desengainatuta aterako dira hemendik". Turismo Bulegoa estazio zaharra zenera eramanda, bi eskaintzen arteko sinergia bat sortuko zela ere esan zuen. Zumaiako alkate Oier Kortak (EAJ) bere alderdiaren kontrako botoa iragarri zuen gaia lantzen hasi orduko: "Guk, Udal Gobernuak, eraikin horretarako beste proiektu bat dugu. Zumaia pisu handiko herria bihurtu da. Nahiko lukete beste herriek Zumaiak duen erakargarritasuna. Eta ezberdintzen gaituena natura da, flyscharen fenomenoa. Mundu mailako santutegia da hau eta proiektua bide horretan doa. Hori da mundu mailan desberdintzen gaituena; horrek egiten gaitu benetan bakarrak", adierazi zuen. Proiektu horren berri denbora gutxi barru emango zutela iragarri zuen alkateak. "Administrazio desberdinekin lantzen ari gara. Estazio zaharreko eraikina ez da udalarena eta lanketak egin beharko dira: erosi, lagapenean jaso...". PSE-EEren mozioa Marañonen eta EH Bilduko aldeko sei botoekin onartu zen; EAJko aurkako sei boto jaso zituen. Emendakina mozioari Mozioa onartu eta berehala, ordea, proposamen horren inguruan jeltzaleek aurkeztutako emendakina aztertu zen. Laburbilduz, behin flyscharen eta naturaren egoitza zabaldutakoan, Algorri interpretazio zentroak Mataderia zaharrean utziko lukeen lekua ZIIZi ematea proposatu zuen. Udal Gobernua bultzatzen ari den proiektuaren berririk ez zutela esan zuen EH Bilduko Alex Olidenek, "baina uste dut ados egongo garela, interesgarria delako. Baina, agian, lekua horretarako ez da egokia izango". Flyscharen inguruko zentroa eta industria-ondarearena biak batera egitea posible ikusi zuen, ordea. Orduan, Arritxu Marañonen esku gelditu zen emendakina onartu edo ez, harena zen paper zailena, mozioa ere berak aurkeztu zuelako. Berak ere Udal Gobernuaren proiektua ez zuela ezagutzen adierazi zuen. "Proiektuen aukeren alde gaude gu eta, lehen esan bezala, ez gara egoskorkerian eroriko. Emendakina ondo ikusten dugu". Segidan lan mahai bat sortzea eskatu zuen: "Lehenbailehen mahaia osatu eta ZIIZekoekin lehenbailehen biltzea eskatzen dut". Emendakinak EAJkoen eta PSE-EEkoaren aldeko zazpi boto jaso zituen eta EH Bildukoen kontrako sei. Hala, mozioaren gainetik emendakina onartu zen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide