Musika inprobisazioan oinarritutako kontzertua izango da bihar Komentuan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko aza. 25a, 12:51

Ainara LeGardon bilbotarrak eta Jon Mantxi zumaiarrak emango dute saioa. Ahotsa eta performancea uztartuko ditu lehenak, gitarra akustikoak eskaintzen duena bigarrenak.

[caption id="attachment_312555" align="aligncenter" width="300"]Gitarra akustikoan oinarritutako kontzertua emango du Jon Mantxik. (Jon Mantzisidor) Gitarra akustikoan oinarritutako kontzertua emango du Jon Mantxik. (Jon Mantzisidor)[/caption] Ohikoa ez den kontzertu bat ikusi eta entzuteko aukera izango da bihar, 19:00etatik aurrera, Komentuko kaperan. Inprobisazioaren olatuan igoko dira Ainara LeGardon bilbotarra alde batetik, eta, Jon Mantxi izengoitia erabiltzen duen, Jon Mantzisidor zumaiarra bestetik. Karidadeko Benta eta Gora Japon bezalako bi talde ezberdinetan aritutako Jon Mantxik bazuen Komentuko kaperan halako emanaldi bat eskaintzeko gogoa. "Aurretik komentuan kontzertu batzuk ikusi nituen, eta leku egokia iruditu zitzaidan horrelako kontzertu bat egiteko. Aretoak daukan oihartzuna gauza batzuetarako desegokia izan daiteke, bolumen altua edo instrumentu gehiegi direnean, baina gauza akustikoetarako egokia izan daiteke", dio. Bi artisten kasuan, kontzertu inprobisatua izango dela aurreratu du: "Nire aldetik dena izango da inprobisatua, dakidan bakarra da gitarra bat eramango dudala. Pentsatzen dut Ainara LeGardonen kasuan ere antzera izango dela". Bertsolarien formula Makina bat urte daramatzate biek musika munduan, baina aurrez elkarrekin ez dute jo, baina esperientzia batean topo egin zuten: "Ainara aspalditik ezagutzen dut, baina ez dugu inoiz elkarrekin jo. Duela zenbait urte Nazioarteko Inprobisazio Txapelketa antolatu genuen Donostiako Artelekun, han egon ginen gertuen; berak parte hartu zuen eta finalera iritsi zen. Ni gai-jartzaile moduan aritu nintzen. Inprobisazio librean bertsolarien txapelketaren formula erabili genuen, nolabaiteko pautak edo gaiak emanaz. Bordatutako txapela ere enkargatu genuen". LeGardonen kasuan, esan daiteke bi musikari desberdin daudela gorputz bakar baten barruan. Musika erraietatik ateratzen zaion abeslari eta gitarrajolea batetik, eta ingelesez abesten duena eta ahotsarekin eta performancearekin jokatzen duena bestetik. Bigarren aurpegi hori ikusteko aukera izango da biharko kontzertuan. Jon Mantxik, aldiz, gitarra akustikoarekin jokatuko du. "Gitarrak, objektu bezala hartuta, eskaini ditzakeen soinu guztiak kontuan hartzen saiatzen naiz, baina baita gitarraren historian edo zuzeneko emanaldi batean ematen diren konbentzio eta klitxeak ere: isilik egotea, txalo jotzea, musikariaren konzentrazioa, keinuak eta abar". Akustikoaren apustua Gitarra akustikoa erabiltzearen ideia "pixkanaka" izan duela gaineratu du egun Bilbon bizi den zumaiarrak. "Hasieran bakarkako kontzertuak ere elektrikoarekin eman nituen. Horrela, baina, iristen nintzen lekuak ezagunak egiten zitzaizkidan: gitarra zehatz bat hartu eta blues aldera jotzen nuen nahi gabe edo gauza oso melodikoetara. Horrez gain, elektrikoarekin beti eraman behar dira traste asko: anplifikadore handiak, pedalak, kableak...  Gitarra akustikoarekin ez da horrelakorik behar. Oso gauza biluzia da, batez ere rocketik gatozenontzat, bolumena beti baita babesgune bat".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide