Karmele Gomez: "Berdintasun plan bat bideragarria ez da emakumeek parte hartu gabe"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko aza. 24a, 10:15

Azaroaren 25aren harira, Zumaiako Berdintasun Foroaren inguruko mahai ingurua egin dute. Emakumeen ahalduntzean Foroak egindako lana goraipatu dute.

Asteartean Zumaian egindako mahai inguruko une bat. (Juan Luis Romatet) 2009. urtean lehen pausoak eman zituenetik gaur egunera arte egindako lanen berri eman zuen Zumaiako Berdintasun Foroak asteartean. Emakumeen Kontrako  Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunari lotuta antolatutako ekintzen barruan. Emakunderen autobus ibiltarian egin zuten mahai ingurua. Hamar bat lagun besterik ez zen joan autobusera Foroaren berri jakitera. Karmele Gomez udal Berdintasun teknikariak nabarmendu zuenez, gizon eta emakumeen paperak azken hamarkadatan aldatu badira ere, "ez dira nahi adina" aldatu. "Beharrezkoa da emakumeen parte-hartzea esparru publikoan eta ahalduntze horretan lan handia egin du Foroak. Berdintasun plana egin da, baina hori gauzatzea ez da posible izango emakumeen parte-hartzerik gabe. Berdintasun plan bat ez da bideragarria emakumeek parte hartzen ez badute", gaineratu zuen. Herenegungo ekitaldiaren arrazoia Forora emakume gehiago erakartzea zuten. "Zergatik ez dute gizonezkoek parte hartzen? Ez dugu ghettorik nahi, baina beharrezkoa da aurrena emakumeekin lan egitea. Agian, gero, gizonezkoen talde bat sortuko da, Hernanin egin den bezala.  Baina, emakumeentzako espazio bat egotea beharrezkoa da". 2009tik Foroko kide da Tere Eizagirre. Berdintasun Foro baten "beharra" aldarrikatu eta udalean arlo guztietan berdintasuna lantzearen alde agertu zen. "Foroak ikuspegi horiek eztabaidatu ditu eta gero iradokizunak luzatu dizkie udal teknikariei". Berdintasunarekin lotutako gai batzuen inguruan sentsibilizatzea ere Foroaren ardura dela uste du. "Tratu txarren arazoa agerian dago, baina badira beste gai batzuek, zaintza, lana... beste era batera ikusten direnak. Ahalduntze horretan lan egin behar da". Urte hauetan egindakoaren berri eman zuen jarraian Eizagirrek: "Autodefentsa ikastaroa eta autoestimuaren inguruko lan batzuk egin dira. Iaz Debekatutako Hiriaren barruan emakumeek beldurra pasatzen duten leku batzuk identifikatu ziren. Emakumea eta kirolaren arteko ikerketaren lehen pausoak eman ziren eta orain zaintzaren inguruko beka bat ere eman du udalak. Horretan lan egingo dugu laster".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide