Joseba Esnal erakusketan. (Juan Luis Romatet)
Lanean agertzen diren emakumeen argazkiez osatutako
Zumaiako emakumeak lanean erakusketa zabaldu dute Zumaiako Alondegiko Oxforden. Abenduaren 4ra arte dago zabalik, egunero 18:00etatik 20:00etara.
"Emakumeak ahaztuta egon dira", dio Erkibe elkarteko Joseba Esnalek. Zumaiako Udal Berdintasun Sailarekin batera antolatu du Esnalek erakusketa.
XX. mendeko Zumaiako makina bat emakume dago irudietan. "Seguru, garai hartan lanean aritzen ziren emakume asko kanpoan geratu direla, baina hauek dira aurkitu ditugunak. Emakumeak dira protagonistak eta ekonomiako arlo baloitzean emakumeak lanean aurkitzea izan da helburua".
Itsasoarekin edo arrantza munduarekin harremana duten lanetakoak dira lehen argazkiak. Lehenengo irudia, baina, familia argazki bat da: senar-emazteak 11 seme-alabekin. "Bitartetarren argazkia da. Gerran kaltetuak izan ziren. Ama eta seme-alabak kanporatuak ere izan ziren. Amen lanaren erakusle bezala erabili nahi izan dugu argazki hori. Etxetik kanpo lan egiteaz gain, etxean bertan ere nahikoa ardura izaten zuten".
Orduko emakumeek maila baxueneko lanpostuetan aritzen ziren. "Oso gazte joaten ziren lanera. Orduan ez zegoen emakumerik agintean; beti ere gizonezkoen azpian zeuden".
Itzurungo kantinan, alberkan, Errotaneko tabernan, josten erakusten, hainbat arduratan ikusten dira Zumaiako emakumeak lanean.
Tarte berezia eskaini diete aitzindariak izan ziren lau emakumeri: Elbira Zipitria irakaslea, Balendiñe Albizu olerkaria, Julene Azpeitia irakaslea eta idazlea eta Iñaxi Etxabe bertsolaria. Argazkiez gain, haien zenbait lan ere erakusgai jarri dituzte. "Bideak zertxobait zabaldu zituzten emakumeak izan ziren".
Memoriaz gain, erakusketarekin historia ere aztertzen dela azaldu du egileak berak.