(baleike.eus)
"Oraindik ere ondo ezagutzen ez den instrumentua da klarinetea", dio mahaiaren bueltan eseri eta berehala Marixi Sesmak, gaur hasiko den Klarinete Maratoiaren antolatzaileak. Bere ustetan musika instrumentu horrek ez du merezi duen aitorpena. "Klarinetearen inguruan dagoen literatura ez du jendeak ezagutzen".
Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolaren eta Zumaiako Udal Musika Bandaren egoitza den Ubillos jauregian jarri dute hitzordua kazetariarekin hamabosgarren aldiz antolatuko den ekimen honi buruz hitz egiteko. "Bai, denbora nola pasatzen den. XV. Maratoia da aurtengoa eta baditu berrikuntzak. Sapere Aude Sinfonietta orkestrak antolatuko du hemendik aurrera. Jende bera gara, baina kudeaketa aldetik praktikotasuna hobetzen da horrela. Baina, ez dira Bandarekin loturak eten; berdin segiko dute Bandako kideek parte hartzen".
Helburu garbi batekin antolatu zen lehen Maratoia: Bandan klarinetea jotzen zuten musikari gutxi zegoenean, Musika Eskolan instrumentu hori aukeratuko zuten gazte kopurua handitzea. Urteekin kopuru horrek gora egin du, baina Maratoiaren helburuak bera izaten jarraitzen duela nabarmendu du Sesmak. Horrez gain, klarinetearen inguruko foro experimentala izaten jarraitzeko asmoa erakutsi dute antolatzaileek. "Gauza asko joan gara proposatzen urte hauetan eta ikusi dugu funtzionatu dutela".
Gora egin du baita Zumaian antolatzen den ekitaldi horrek klarinetearen inguruan duen sona ere. Horren erakusgarri da aurten ere gora egin duela ikastaroetan parte hartuko duten ikasle kopuruak. "Oraintxe iaz baino gehiago ditugu, 70 inguru, eta oraindik goraka doa. Kontserbatorioko eta musika eskoletako 15 irakasle ere etorriko dira ostiraleko kontzertuan parte hartzera".
Euskal Herriko txoko guztietatik etortzen dira ikasle horiek eta, Klarinete Maratoiaren oihartzunak euskal mugak zeharkatu dituenaren seinale, atzerritik etortzeko gogoa duten ikasleak ere badaudela adierazi du Sesmak. "Feroe Irletatako eta Austriako jende batek badu hona etortzeko interesa, baina ezetz esan behar izan diogu, dirurik ez dugulako".
Helburuaz gain, aldatzen ez dena Carlos Casado valentziarraren presentzia da. Espainiako Orkestra Nazionaleko kide hori arduratuko da aurten ere ikastaroetaz. Bakarkako eta taldekako klaseak emango ditu asteazken, ostegun eta ostiralean, goizez eta arratsaldez. "Bakarkako eskoletarako izen-ematea dagoeneko itxita dago, baina oraindik badago aukera taldekakoetan apuntatzeko". Izena
sapereaudesinfonietta.com webgunean eman daiteke. "Hori da beste aldaketetako bat, izen-emateak web gunean bertan zentralizatu ditugula".
Maila goreneko kontzertuak
Ikastaroez gain, maila goreneko zenbait kontzertu izango dira aurten ere. Hasteko, gaur bertan ikasleen kontzertua izango da Komentuan, eta bihar, osteguna, ohikoa den pintxo-pote musikala, Bandako kideen parte-hartzearekin. Aurten Valentin Manterola margolariak Mari kalean duen estudioan egingo da.
Klarinet.eus ensemblearen kontzertua izango da ostiralean Komentuan. Euskal Herriko musika eskoletako eta kontserbatorioko irakasleez osatutako talde honek 2015ean Madrilen izan zen Nazioarteko Klarinete Batzarrean sona handiko musikariekin batera amaierako kontzertua eman zuen.
Gora egin duena Klarinete laukoteen lehiaketako partaidetza da. "Aurten 15 laukote ditugu. Adinaren arabera banatzen dira: 8-12, 13-16 eta 17-18. Azken adin tarte horretako irabazleek hurrengo urteko Musika Jaialdia inauguratzeko kontzertua eman ohi dute. Aurten ere hala izango da. Aurten Ludoteka Saria ezarri dugu 8-12 urte tarteko irabazlearentzat eta Gaztetxola Saria 13-16 urtekoentzat. Urtean zehar kontzertu bana emango dute bi leku horietan".
Orain arten, maratoia igande eguardian amaitu ohi zen ikasleen amaierako kontzertuarekin, baina aurten beste hitzordu bat jartzea erabaki dute. Hala, igande arratsaldean, Komentuan, ganbera kontzertua izango da. Alfred Hitchcock (
Psycho,
Vertigo), Orson Welles (
Citizen Kane) edo Martin Scorseseren (
Taxi Driver) pelikuletarako musika egin zuen Bernard Herrmannen, Claude Debussyren obrak entzuteko aukera izango da. "Maratoian beti estreinatu dugu obraren bat eta aurten ere hala izango da. Esango nuke Espainian ez direla entzun Herrmannen eta Debussyren obra hauek. Herrmannen kasuan nahikoa lan izan dugu partiturak lortzeko; ez daude salgai eta Australiatik alokatuta ekarri behar izan ditugu".