Bazkari bat izan daitekeelako ezagutza partekatzeko leku egokia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urr. 27a, 10:17

Azaroaren 13an egingo dute Bizilagunak egitasmoa. Bertako eta kanpotik etorritako familiek elkar ezagutzeko aukera izango dute. Dagoeneko izena eman daiteke.

Bizilagunak egitasmoan parte hartuko duen lagun taldea. (Juan Luis Romatet) Beste behin otordu baten bueltan bilduko dira bertako eta atzerritik Zumaiara etorritako familiak, Bizilagunak izeneko egitasmoari esker. Bazkari bat antolatu dute azaroaren 13rako. Ekitaldi hori SOS Arrazakeria elkarteak jarri zuen martxan orain dela sei urte. Ordutik urtean behin, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hainbat herritan, egun berean, mahai baten bueltan elkartzen dira jatorri ugaritako familiak beraien esperientziak partekatzeko. Zumaian iaz egin zuten aurreneko aldiz mota horretako bazkaria, "nahiz eta aurretik kuadrilla edo lagunartean egin izan genituen", azaldu du Anitzen Sareko kide den Ixabel Dorronsoro zumaiarrak. Iazko hitzorduan 80tik gora lagunek hartu zuten parte Bizilagunak egitasmoan: "Bazkari batzuk etxeetan egin ziren eta besteak elkarteetan. Azken horietan familia gehiagok parte hartzeko aukera ere izaten dute". Elkartze horietako bakoitzean jatorriz bertakoa den familia bat, kanpotik etorritako familia bat eta dinamizatzaile bat bilduko dira, bazkari baten bueltan. "Azken horien lana elkartze hauek dinamizatzea da, elkarrizketari hasiera eman, eta halakoak egitea". Aurten azaroaren 13an egingo dituzte bazkariak Gipuzkoako, Bizkaiako eta Arabako herrietan. Zumaiari dagokionez, 14:00etan parte hartuko dutenak elkartu egingo dira argazkia ateratzeko eta ondoren bazkaltzera joango dira. Egitasmoan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da mezu bat bidalita anitzensareazumaia@gmail.com helbidera edo Zumaiako Udaleko Aniztasun Saileko 943-86 50 25 telefono zenbakira deituta. Azaroaren 6a baino lehen eman beharko da izena. Jakinda Euskal Herrian kirolak duen garrantzia, SOS Arrazakeria hainbat kirolarirekin jarri da harremanetan, hauek Bizilagunak egitasmoari beraien bultzada eman diezaien. Zumaiako kasuan, Esther Cruz eskalatzaileak eta egun gutxi barru Kirol Kontseilu Gorenaren urrezko domina jasoko duen IƱaki Osa Goikoetxea pilotariak egin dute bat egitasmoarekin. Badira esperientzia errepikatzeko borondatea erakutsi dutenak, Igone Saizabalen kasua da bat. Haren ustez, "giro polita" sortzen da bazkarian eta beste kulturak ezagutzeko baliagarriak dira: "Egunero gauza berriak ezagutzen ditugu". Graxian Galarragak ere iazko bazkarian hartu zuen parte. Bere kasuan, etxera bazkaltzera Latinoamerikako familia bat gonbidatu zuen. "Kontraste kulturala baino, esango nuke gehiago zela kontraste ekonomikoa". Galarragaren kasuan erlijio kontuak izan ziren zailenak, "gu ez gara eta batere erlijiosoak". Aurtengo bazkarietan parte hartzeko borondatea erakutsi dutenen artean Mina marokoarra eta Fatou senegaldarra daude, besteak beste. Azken hori bederatzi urtez bizi izan zen Getarian eta azken hiruretan Zumaia du bizilekua. Positibotzat jo du esperientzia: "Jendea eta gauza gehiago ezagutzeko balio du, eta jatorri desberdina dugunon artean ideiak partekatzea ere ondo dago".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide