Udan Zumaiara etorritako bisitari kopurua %25 igo da iazkoarekin alderatuta

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urr. 21a, 10:59

'8 apellidos vascos’ eta ‘Game of Thrones’-ek eragina izan badute ere, Flyscharen ibilbidea eta Geoparkea sortu zirenetik igoera "jarraia" izan dela azaldu du Esti Irureta udal Turismo teknikariak

Itzurungo labarrak hainbat lagun erakarri ditu aurten. (Juan Luis Romatet) Bistan izan den bezala, aurtengoa urte ona izan da Zumaiako turismoarentzat. Nahikoa izan da herriko hondartzetan, parolbidean, Alde Zaharrean eta plazetan bildu diren bisitari kopuruak ikustea ondorio hori ateratzeko. Eta zenbakiek hala nabarmendu dute. Irailaren 15era arteko datuak iazkoekin alderatuta, % 25 igo da Zumaiako Turismo Bulegotik pasatutako bisitarien kopurua: iaz ekainetik irailaren 15era bitartean 23.950 pertsona pasatu ziren Gernika parkean dagoen bulegotik eta aurten, epe berean, 30.054 pertsona izan dira. Horiei Zumaiara etorri eta bulegotik pasa ez direnak gehitu behar zaizkiola azaldu du Esti Irureta Zumaiako Udaleko Turismo teknikariak. Iruretaren esanetan, oraindik amaitu ez den urtearen balantzea "positiboa" da, eta igoera hori Euskal Herri osoan bizi izan den dinamikaren barruan kokatu du. Hala, Gipuzkoari dagokionez, Eustaten arabera, uztailetik irailera bitarteko epean % 6,1 igo da. Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen duten beste bi herrietan ere bisitari kopurua igo egin da: Deban % 8 eta Mutrikun % 9. Azken urteotako bisitarien igoeran 8 apellidos vascos filmak edota astelehenetik aurrera Itzurunen grabatuko duten Game of Thrones telesailak eragina izango du. Iruretaren esanetan, ordea, Zumaiako Turismo Bulegoa zabaldu zenetik bizi izan dute bisitarien igoera, 2002. urtetik. Hasieran pixkanaka, baina 2008tik aurrera igoera handiagoa eta jarraia izan da turismoko teknikariaren esanetan. "2008an aurkeztu zen Flyscharen ibilbidea. Horri eta Algorri interpretazio zentroan egindako lanari esker flyscha izena hartzen joan da. 2010ean Euskadi Turismo Saria jaso zuen eta urte horretan bertan Geoparkea izendatzea onartu zen". Hala, naturarekin lotutako turismoa erakarri da Zumaiara. "Autobideetan Geoparkeko panelak jartzeak ere lagundu du, eta baita erakundeen laguntza izatea ere. Beste turismo bulegoetatik Zumaiara jendea bideratzen hasi ziren eta herri hau turismoaren mapan jarri zuten. ETAk armak utzi izanak ere lagundu du. Orain lasaiago etortzen direla onartzen dute bisitariek". Garbi dagoena da Zumaia modan dagoela. Horren erakusgarri da urtarriletik irailaren erdira arte Turismo Bulegotik pasatutako bisitari kopurua: 39.847 (iazkoarekin alderatuta % 21 gehiago). Jatorriari dagokioneez, denean izan da igoera: "EAEko bisitariak % 4,78, Espainiako estatukoak % 24,89 eta nazioartetik etorritakoak % 48,16". Zumaiako Turismo teknikariaren ustez, urte bukaerarako 50.000 bisitari izatera iritsiko da Zumaia, "esan liteke guztira bikoitza izango dela Zumaiara etorritako bisitari kopurua".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide