Iritsi da gaiaz hitz egiteko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko urr. 20a, 10:34

Trafiko istripuak gutxitzeko, Bizitzaz Blai egitasmoa sortu dute Errezilgo Udalak, Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Harremanak osasun zentroak.

(Julene Frantzesena-Ihintza Elustondo) Datuek hitz egiten dute. Errezilgo bost mutil hil dira azken hamar urteotan moto eta auto istripuetan. 5 eta 35 urte bitartean zituzten. Herriak 600 biztanle inguru ditu, eta esan gabe doa zifra ikaragarria dela. Gai delikatua izanik, herritarrek isilean eman dituzte urteak. Bakoitzak bere modura gorde du barruan mina. Baina zerbait egiteko garaia badela iritzita, Bizitzaz Blai egitasmoa jarri dute martxan udalak, Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Harremanak osasun zentroak, Berdinbideanek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuta. Heziketan eragitea da proiektuaren asmoa. Nekane Zinkunegi Errezilgo zinegotziaren arabera, "oso kontziente" dira landa eremuko herria izateak eragin zuzena duela ezbehar horietan. "Herrian ez dauden zerbitzuen bila mugitu egin behar gara, eta garraio zerbitzuak bere mugak izan ditzake. Orduan, auto edo moto baten beharra sortzen da". Baina, era berean, badakite mutilen artean "kulturala" den zaletasun bat dagoela, "ausardiarekin oso lotuta dagoena, eta gizarteratzeko bide bat ere badena": hain zuzen, abiadurarekiko zaletasuna. "Arriskuaren eta morboaren arteko mugan ibiltze hori". Eta haren esanetan, horrek ere "lotura zuzena" du aipatutako kasuistika horrekin. Zinkunegiren arabera, elementu bat baino gehiago uki daitezke istripu horiek saihesteko. Batetik, garraio zerbitzuen eskaintza zabaldu dute azken urteotan, eta herria bitan zatitzen duen errepideak eragin ditzakeeen ondorioak leuntze aldera, lanean ari dira udaleko Hirigintza sailean. Baina, horrez gain, heziketan eragingo duen proiektu baten beharra sumatu dute, eta hortik sortu da Bizitzaz Blai. "Kontzientzia horretan eragin nahi genuen, eta, horretarako, estrategikoa da heziketa". Harremanak osasun zentroa proiektuaren erdigunean dago, eta bertako kide Ana Elosegik zertan datzan azaldu du. "Prebentzioan oinarritzen den proiektua da. Generoan oinarritutako estereotipoak landu nahi ditugu: maskulinitatean eragina dutenak, mutil izate hori ausardiarekin eta abiadurarekin lotzen dutenak… Horrek guztiak dituen ondorioak saihestu eta gutxitu nahi ditugu. Modu askotara izan daiteke mutila, eta denak dira balekoak". Formazio saioak Horretarako, irakasle, guraso eta ikasleekin formazio saioak egingo dituzte. Lehenik eta behin, Harremanakeko profesionalek saio bana egingo dute talde horietako bakoitzarekin –gurasoekin eta irakasleekin egin dituzte dagoeneko, eta ikasleena bihar izango da–. Jarraian, azaroaren 4an, testigantzen beste saio bat egingo dute. Eta testigantzen ostean, beste saio bana egingo dute Harremanakekoek, ondorioak lantzeko eta balorazioa egiteko. Formazio saioetan HH5etik LH6ra bitarteko ikasleek parte hartuko dute; irakasleen kasuan, klaustro osoak, eta guraso guztiei eman zaie saioetan parte hartzeko aukera. Tartean egingo den testigantza saio horrek bi zati izango ditu: alde teknikoa eta doluaren ingurukoa. Lehenengoan Ertzaintzak, suhiltzaileek eta anbulatorioko profesionalek larrialdi bat gertatzen denean martxan jartzen den prozesua azalduko dute. Bigarren atalean, berriz, istripua jasandako Bidaniako gazte batek hitz egingo du –gurpildun aulkian dago–, eta harekin batera, familiak, herriko sendagileak eta gizarte zerbitzuetako kideek parte hartuko dute, besteak beste. Saio hori LH3 eta LH6 arteko ikasleentzat izango da, gazteagoentzako «gogorregia» izan daitekeelako. Elosegi bera Errezilen bizi da, eta gertutik bizi izan ditu azken urteotan gertatutakoak. Gainera, seme bat du, eta hark abiadurarekiko zaletasuna garatzeak kezka sortzen dio. "Ikusi egiten duzu belaunaldi batetik bestera nola transmititzen den zaletasun hori: ‘Derrapea egingo dugu’, ‘begira ze kotxe’, ‘ederra BMWa’... Hori mutiletik mutilera pasatu egiten da; ez denei, baina gehienei eragiten die". Haren arabera, jende askok esan dio ez dagoela zer eginik: "Ama askok esaten didate: ‘Alfer-alferrik ari zarete, hori ekarri egiten dute’. Ekarri egingo dute, baina bultzatu ere egiten dugu. Eta nik uste dut ezer ez dela alferrik egiten". Heriotzek herrian eragin duten sufrimendua umeek gertutik bizi izan dute. "Hildakoak ikusi egin dituzte, hileta elizkizunak... Barruan gelditu dira emozio asko, eta horiek landu nahi ditugu". Errepidean abiadura handian ibiltzeak izan ditzakeen ondorioez txikitatik kontziente izan daitezen nahi dute. Xebero Agirretxe Errezilgo alkateak adierazi du helburua ez dela "beldurra" sustatzea, heziketan eragitea baizik. "Ez dugu ezbeharren erantzukizuna inoren gain jartzeko asmorik. Herritarren heziketan parte hartzen duten eragile guztien artean, zaletasun sanoagoetarako bidea egiteko helburua dugu". Heriotzak jasan dituzten familien oniritziarekin jarri dute martxan proiektua, eta, alkatearen esanetan, "intentziorik onenarekin" diseinatu dute. Balorazio bat egingo dute formazio saioak amaitzean, eta aurrerago urrats gehiago egiteko konpromisoa agertu du udalak. Oraingoz, proiektu pilotu bat da. Ez dakite beste herri batzuetara hedatuko den, baina Elosegiren arabera, herri pila batean dago arazo bera. «Ez da Errezilen bakarrik gertatzen, orokorra da. Ausarta den mutila liderragoa da, eta beldurra edukitzea gaizki ikusita dago. Nesken estereotipoetan goxotasuna edo zaintza ohikoagoa da. Hezkidetzatik neskena gehiago landu da; mutilenari ez zaio kasurik egin. Eta mutilak ere hil egiten dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide