Erniarraitz Bertsozale Elkarteko kideak eta Sonia Vazquez kultura zinegotzia. (Olaia Juaristi)
Ikastetxeetako bertso eskolak kendu, eta eskola horiek herriz herri emango ditu Erniarraitz Bertsozale Elkarteak aurrerantzean. Egun Azpeitian eta Azkoitian ditu haurren eta helduen bertso eskolak elkarteak, eta Errezilera ere zabaldu nahi dituzte horiek.
Proiektu berria joan den astean aurkeztu zuten Azpeitian, eta, atzo, Azkoitian eman zuten horren berri.
Jokin Uranga Erniarraitzeko kideak azaldu zuenez, bailaran bertsozaletasuna sustatzea da helburu nagusia, eta horretarako gakoa "transmisioa" da. "Inflexio puntua izan dira horretan bertso eskolak, baina hutsune batzuk antzeman ditugu. Apartatuta bezala gelditu dira, eta horiek herriratzea da helburua". Horregatik, ikastetxe desberdinetako bertsozaleak elkarrekin bildu eta elkarrekin goza dezaten nahi dute.
Proiektua garatzeko, "arazo ekonomikoak" izan dituzte Urangaren arabera. Baina, horren aurrean Azkoitiko eta Azpeitiko udaletara jo dute, eta bien laguntza jaso dute. Horregatik, eskerrak eman zizkien.
Egun, 60 ikasle daude bertso eskoletan apuntatuta, haur zein heldu, baina nahi duenak, urte osoan zehar eman dezake izena. Horretarako,
erniarraitz@gmail.com helbidera idatzi behar da.