Kalea Guztiona Dak oraingoz egindako azken murala. (J.L. Romatet)
Zumaiako mugetatik kanpo atera den gaia da Erribera kaleko hormarena. Astebururo errepikatzen den kontua da: egun batean mural bat margotzen dute Kalea Guztiona Da mugimenduko kideek eta hurrengo goizean marroi koloreko pinturarekin estaltzen du udalak. Ekainaren erdialdera hasi zen oraingoz amaierarik ez duen tirabirak. Horren guztiaren atzean Zumaiako kaleetan kartel eta pankartak ezartzeko debekua dago.
Otsailean hartu zuen Udal Gobernuak erabaki hori, "herria garbi eta txukun mantentzeko, ingurumena zaintzeko eta guztiona dena errespetatzeko xedearekin". Martxoaren hasieran Kalea Guztiona Da mugimendua sortu zen, eta hilabete horretan bertan garbiketa ordenantza berriaren idazketa prozesua martxan jarriko zuela adierazi zuen udalak.
Aste honetan bertan prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, ordenantza hauen lehen zirriborroa dagoeneko amaituta dago. Dokumentu hau osatzeko "hainbat iritzi eta ekarpen" jaso dituela gaineratu du. Horrez gain, "inguruko herrietan indarrean dauden eta eraginkorrak diren ordenantzak aztertu eta oinarritzat hartu" dituela ere azaldu du. Hori guztia Zumaiara egokituko dute, "tokian tokiko errealitate eta beharrei erantzuteko xedez".
Udal Gobernuaren ustetan, "azken hilabeteetan Zumaiako eremu publikoetan egin diren pintaketak are bistakoago egin dute herritarrentzat garbiketa ordenantzaren beharra". Lehen zirriborro hau egiteko, herriko zenbait talde eta elkarterekin ere bildu dela adierazi du, hala nola, Kalea Guztiona Da, Nagusilan, Merkatari Elkartea eta "herriko finken administrazioan nagusi den enpresa kideekin".
Behin betiko onarpena eman aurretik, bilera batera deitu ditu herritarrak "ordenantzaren nondik norakoak haiekin partekatu eta haien proposamenak eta iradokizunak ere entzun eta jasotzeko". Hilaren 24an izango da, Alondegian.