Zumaia eta Deba arteko muga azaltzen duen Palankamugarrin, 2015 irteeran. (Imanol Azkue)
Harrigarria badirudi ere, GPSa, satelitea eta teknologia gorenaren garai hauetan, oraindik zalantzak sortzen dira udalerrien arteko mugak non ezartzen diren. Herri baten lurrak non hasi eta non amaitzen diren, hain zuzen ere. Getaria eta Zumaia arteko mugak non kokatzen diren ez dago argi oraindik, eta hori zehazteko bi udalerrien arteko mahaia berriro eratu da. Antzina ez zegoen halako buruhausterik: zelaietan, bide ertzetan, basoetan edo haitzetan jartzen ziren harriek, mugarriek, adierazten zituzten herrien arteko mugak.
Zumaiak Itziar-Debarekin, Aizarnazabalekin, Zestoarekin eta Getariarekin ditu mugak. Mugarriek diote alde batera dauden lurrak herri batekoak direla, eta bestaldera daudenak beste herrikoak. Mugarri horiek izango dira berriro ere hizpide larunbat honetan, Zumaiako VI. Mugarrien Ibilbidean. 32 kilometroko bidea da eta parte-hartzaileak goizeko 08:00etan abiatuko dira San Telmo kaletik. 19:30ak aldera, Santiagoko hondartzan amaituko dela espero da; tartean, bazkaltzeko aukera izango da Elkano auzoan.
Imanol Azkueren burutazio batetik sortu zen irteera hau, eta aurten seigarren urtea beteko du. "Batez ere liburuagatik sortu zen.
Zumaia, izena eta izana liburuak Zumaiako mugei buruzko atala du. Muga horiek aztertzen aritu nintzen, toponimoak ere badaudelako. Konturatu nintzen aukera zegoela ibilbide bat egiteko, ez mugalerroen gainetik, baina bai bideetatik".
Pentsatu eta egin. 2011n egin zuten lehen irteera, eta jendea gustura geratu zela dio Azkuek. "Baita ni neu ere, eta harrezkero urtero egin dugu".
Mugarri gehiago
Mugarriz mugarri egiten den ibilbidea da honakoa. Oraingoz 30 bat mugarri aurkitu dituztela dio Azkuek. "Horiek ezagutzen ditugunak dira, baina ziur gehiago daudela". Aste honetan bertan, Elkano inguruan dagoen beste mugarri bat aurkitu duela jakitera eman du
Baleike.eus-eko Ateki blogean. "Urtetik urtera gehiago azaltzen dira edo deskubritzen ditugu. Badaude aztertu ez ditugun parajeak; adibidez, Beduatik Ibañarrietara doana. Autobidea egiterakoan lurrak mugitu zituzten, eta ez dugu begiratu ere egin. Era berean, badaude beste lur batzuk ez ditugunak bereziki aztertu; Meagatik autobidera jaisten dena, esaterako".
Harri horiek noiz jarri ziren galdetuta, denetarik dagoela dio. "Nik uste dut zaharrena Pikotekoa izango dela, 1391. urtekoa". Garai ezberdinetakoak ez ezik, forma askotarikoak daudela gaineratu du. "Batzuk forma jakinik gabekoak dira eta beste batzuk landutakoak". Burdinezko mugarriren bat ere badagoela dio Azkuek: harraldean Deba eta Zumaia arteko muga ezartzen duen Palankamugarriko palanka, hain zuzen ere. Mugarri batzuk lekuz aldatuta daudela ere adierazi du, aurrez aipatutako Elkanokoa edo Jadarreko zuloan dagoena, kasu.
Irteera honetan parte hartzeko nahikoa izango da zehaztutako orduan agertzea. Bazkarian parte hartzeko asmoa dutenek, ordea, mezu bat bidali beharko dute
imanol@azkue.eus helbidera.
Irakurri Imanol Azkue sortzaileari egindako elkarrizketa.