ZIIZeko kideak, Forondan. Atzealdean, anbulatorio zaharra. (J. L. Romatet)
Zumaiako Industria-Ondarearen Informazio Zentroko (ZIIZ) kideek galdu dute pazientzia. Martxoan udal ordezkariekin bildu ziren egindako eskaeren inguruko idatzizko erantzuna lortzeko: "Orain arte...". Bilera hartatik zazpi hilabete igaro eta erantzunik jaso ez dutela ikusita, beraiek udalean egindako eskaera publiko egin dute. Pedro Etxabe ZIIZeko koordinatzaileak hartu du hitza, baina agerraldian taldeko beste kide batzuk ondoan izan ditu: Xabier Alvarez, Javier Carballo, Oihana Kortazar eta Rafael del Pilar.
ZIIZ proiektua 2009an sortu zuten, "ikusita Europa mailan nolako garrantzia ematen zitzaion industria-ondareari. Hemen, aldiz, industriari lotutako herria izanda ere, garrantzia handiko fabrikak desagertzen joan dira. Gure asmoa historia hori berreskuratzea izan da", azaldu du Etxabek.Hala, hainbat artxibotan aritu dira informazio bila eta
dokumentazio mardula bildu dute. Denbora honetan bederatzi hitzaldi ere antolatu dituzte eta baita arrakasta handiko erakusketa bat muntatu ere. "2.500 lagun pasa ziren Oxfordetik", nabarmendu dute.
Dokumentazio horrekin erakusketa iraunkor bat egiteko ideia sortu zitzaien. "Orain bi agintaldi moilan dagoen Urolako estazio zaharra eskuratzeko asmoa azaldu zuen udalak, nahiz eta azken unean ezerezean geratu zen. Turismo bulegoa bertara eramatea proposatzen zen eta guk egoki ikusi genuen erakusketa iraunkorra goiko solairuan jartzea".
Eskutan duten beste proposamena Narrondo auzoan dagoen La Zumayana enpresaren fabrikaren arrastoak gordetzea da. "Zementugintza izan zen Zumaiako industriaren abiagailua. Han egiten zen zementua, Zumaya izenekoa, erabili zen, adibidez, Zumaiako portua egiteko". Erakusketa iraunkorrarena bezala, proiektu hori ere udalean aurkeztu zuten pasa den agintaldian. "La Zumayanaren kasuan, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearekin (IOHLEE) lankidetzan prestatutako txostenean arrasto horien balorazioa egin zen aurretik urrats bezala". Txostenaren arabera, "aparteko ondare-balioa nabarmentzen da, bai udal nahiz Euskadiko Autonomia Erkidego mailan".
Iaz, ordea, aldaketa izan zen Zumaian Udal Gobernuan eta EAJk hartu zuen agintea. Ordutik hirutan elkartu direla adierazi dute ZIIZekoak: "2015eko irailean egin zen bileran moilako estaziorako eta La Zumayanarako genituen ideiak kontatu genizkien. Erantzun ziguten anbulatorio zaharrerako interesa zuen beste jende bat ere bazegoela. Abenduan beste bilera bat egin genuen, eta orduan esan ziguten eraikin horretarako beste proiektu bat zutela".
Aurtengo martxoan egin zuten azken bilera udalarekin. "Esan genien bi proiektuei buruzko erantzuna idatziz nahi genuela. Urrian gaude eta ez dugu erantzunik jaso. Horregatik publikoki eskatzea erabaki dugu. Guk ez dugu biltzeko arazorik. Baina denbora aurrera doa, ari gara gauzak egiten eta udalaren erantzuna behar dugu". Okerrena isiltasuna dela nabarmentzen dute. "Hori da txarrena, erantzun eza, ez al dugu erantzunik merezi?".