25.000 olagarro brotxeta banatuko dira larunbatean Zumaian, Olarro Egunean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ira. 15a, 11:28

Herri bazkariaren ondoren kuadrillen arteko batel estropadak izango dira itsasadarrean. Hamaika elkarte arituko dira lanean herrian zehar sakabanatuko diren txosnetan eta herri bazkarian.

Olagarro-zopa eta brotxetak emango dira txosnetan. (J. L. Romatet) Olagarroarekin harreman estua du Zumaiako herriak. Makina bat zumaiar ibili da harraldean olagarro bila historian zehar. Azken urteotan, baina, badago olagarroari zaion debozioa azaltzeko beste modu bat: Olarro Eguna. Iraileko hirugarren larunbatean izaten da Zumaiako udari agurra esaten dion jai egun hau eta, izenak dioen bezala, olagarroa du protagonista nagusia. Azken bi urteotan bezala, bezperan hasiko dira ekitaldiak. Bihar, 19:30ean, kofradian eguraldi ona egiten badu, sukaldaritza erakustaldia egingo dute. Jaime Llanos sukaldari asturiarrak eta Olarro Eguneko antolakuntza taldeko kide den Ibon Uranga sukaldari zumaiarrak olagarroa prestatzeko era errazak erakutsiko dituzte. Txistularien dianarekin esnatuko da larunbata. Goiz partean, argazki rallya egingo da. Izenak Zumaiako Turismo Bulegoan eman daitezke larunbatean bertan, 09:00etatik 10:00etara bitartean. 10:00etan bertan hasiko da herriko elkarte eta kuadrillen arteko XIII. Lehiaketa Gastronomikoa. 13:00ak arte egongo dira jakiak prestatzen eta une horretan epaimahaikideen txanda izango da. Aurten aldaketa izango du lehiaketak. Aurreko urteetan, librea zen prestatu beharreko errezeta, baina, izandako kexa batzuk medio (parte hartzaile batzuek etxean egindako saltsak ekartzen zituztela salatu zuten, besteak beste), aurten errezeta komun bat egin beharko dute sukaldariek: olagarroa patatekin. Goiza amaitzeko, herri bazkaria izango da Eusebio Gurrutxaga plazan. Han prestatutako olagarro-paella emango dute. Joxe Mendizabalek girotuko duen bazkarirako txartelak Turismo Bulegoan daude salgai: 8 euroan helduentzat eta 5 euroan haurrentzat. Olarro Eguneko kamisetak eta zapiak ere salgai daude, 8 eta euro batean, hurrenez hurren. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, kuadrillen arteko batel estropadak jokatuko dira itsas kiroldegia eta moilaren artean. Zopa eta brotxetak Goizez eta arratsaldez egongo dira txosnak herriko zenbait gunetan: arranplan, Amaiako plazan, Saregileen plazan, Erribera kalean, Ignacio Zuloaga plazan, Gurrutxaga plazan eta Gernika parkean. Txosna horietan herriko hamar talde edo elkarte izango dira lanean. Herriko beste talde batek herri bazkaria zerbitzatuko du. Egiten duten lanaren ordainetan diru kopuru bat jasoko dute elkarteek. Berez, olagarro brotxetak arratsaldez bakarrik emango dira, baina, goizez bakarrik lan egingo duten taldeek izango dute pintxo horiek saltzeko aukera. Guztira 800 kilo olagarro egosi erabiliko dira 25.000 brotxeta inguru egiteko. 150 litro olagarro-zopa ere banatuko dira, goizez, txosnetan. Ikusi Olarro eguneko egitarau osoa baleike.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide