Mikel Larburu: "Iazko sufrimendua onera bideratu behar dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ira. 2a, 10:31

31 urteko zumaiarra izango da Zumaiako Futbol Taldeko Erregional Mailako entrenatzailea. Iazko sufrimenduak alde batera utzi eta taldea sentsazio onetara eramatea du helburuetako bat.

Mikel Larburu izango da Zumaiako Futbol Taldeko Erregional Mailako entrenatzailea. (Juan Luis Bartet) Iazko urtea benetan gogorra izan zen. Aurreko urtea nola joan zen ikusita (azken partidan lortu zuen taldeak maila mantentzea), panorama ez zen onena. Klubak herriko baten aldeko apustua egin duenean, nik uste jokalariak beraiek ere animatu egin direla. Lehen taldea entrenatzeko eskaintza luzatu zidatenean, jokalariekin ere hitz egin nuen. Jakin nahi nuen ea jendeak zer asmo zituen. Joan den denboraldian beraiekin hitz egin nuen, eta banekien gogorra ari zela izaten. Gainera, batek edo bestek futbola uzteko aukera handiak ziren. Beti ere beldurra zegoen beste urtebete horrela jarraitzeko. Nire adineko bi jokalari badira taldean, kuadrillakoak, Jokin eta Ima, eta haiekin eta beste pare batekin hitz egin nuen. Esan nien entrenatzaile izatea eskaini zidatela eta ea beraiek zer pentsatzen zuten. Hasieratik oso irekita agertu ziren. Kostatzen ari zaigu plantila osatzea; 18 fitxa besterik ez ditugu, baina itxaropena dugu oraindik zalantzan dauden batzuek animatzeko. Baina, jubenilekin bete behar badugu, hala egingo dugu. Teknikoa bakarrik ez, psikologoa ere izan beharko duzu iazkoaren ondoren. Nik kanpotik bizi izan nuen. Hor behean ikusten zarenean, egoera ez da oso erraza izaten. Lantalde oso gaztea zegoen; batez beste, 22 urtekoa. Aurtengoa, berriz, 21 urte ingurukoa da. Eta hori 31 urteko pare bat jokalari ditugula! Beheko postuetan zaudenean, hortik ateratzea ez da batere erraza. Lehen 30-31 urteko 7-8 jokalari  izaten ziren, eta haiek heltzen zuten taldea eta gazteek freskotasuna ematen zioten. Gaur egun ez dago halakorik. Nik uste iazko sufrimendu hura dena onerako aprobetxatuko dela aurten. 18 jokalari dituzula diozu. Iazko plantila mantendu al da? Bai, bat edo beste joan da, baina etorri direnekin ordezkatu ditugu. Plantila ia berbera da. Jubeniletatik igotako bizpahiru jokalari ditugu, baina oinarria, garrantzitsuena dena, iazko bera da. Zalantzan dauden batzuk konbentzitu nahian ari gara, baina ez da erraza. Esan behar da dugun jokalari taldeak kalitatea duela. Kopuru aldetik, agian, gutxitxo izango dugu, baina kalitate aldetik taldea ez da iaz bezala behean egotekoa, eta hori badakite beraiek ere. Emaitzek laguntzea izango da kontua. Hori da, emaitza onak izatea hasieran. Klubak esan zuena eta nik berretsi nuena izan zen urtea ondo hasi behar zela. Agian,  emaitzak ez dute hain onak izan behar, baina beraiek ikusi behar dute lana ondo egiten ari direla. Jokalari gutxi izatean abantaila da denak entxufatzea errazagoa dela. Talde moduan aritzeko errazagoa izango da. Helburu jakinik ba al duzue denboraldi honetarako? Beharbada, taldea egonkortzea izango da garrantzitsuena. Sentsazio onak berreskuratzea da lehen lana. Anbiziosoak izan behar dugu beti, baina ikusi behar da bakoitzak zer aukera dituen. Zumaiakok ezin duena jasan da, eta nik hala pentsatzen dut, iazkoa bezalako sufrimendua. Jokalarientzat, klubarentzat eta inguruan mugitzen direnentzat oso kaltegarria da. Jubenilek ere ikusten dute hori. Taldea erdi mailan edo goiko postuetan badago, parte hartzeko gogoa izango du; jaisteko arriskuan ikusten badu, ez du ezer jakin nahiko. Helburua hori izango da, sentsazio onak berreskuratzea eta iazko sufrimendua onerako bihurtuta ahalik eta goren ibiltzea. Misterio handirik ez du. Ondo bagaude eta etxean sendo mantentzen bagara, erditik gora egoteko esperantza izango dugu. Eta gero zeinek daki. Helburu jakinik ezin dugu jarri, baina goian egotea izan beharko luke. Jendea ilusio handiarekin dago eta horrek poz handia eman dit. Esan diet iazko dena ahaztu behar dela, berriro zerotik hasten garela. Beste denboraldi bat dela, beste entrenatzaile bat eta lana egiteko beste modu bat dagoela; ez berezia, baina bai desberdina. Jendeak gogo handiarekin hartu du eta nik uste hori dela bidea. Ondo entrenatzen bada, ari garen bezala, nik uste emaitzak etorriko direla. Urteek jartzen zaituzte zeure lekuan, baina hala lan egiten bada, ez da kezkatzeko arrazoirik izango. Zein izango duzu laguntzailea? Iaz Ermuan izan nuen bigarren entrenatzailea etorriko da, Aitor Zubizarreta. 39 urte ditu eta entrenatzaile kurtsoan ezagutu nuen. Ermuan oso gustura ibili nintzen eta hasieratik klubari esan nion Zubizarretarekin kontatu nahi nuela. Ez zidaten inongo arazorik jarri. Konfiantza handia dut harengan. Ilusioarekin zaudela nabari da. Ni? Kristorenarekin. Esan zidatenean etortzeko, ez nuen zalantzarik izan. Entrenatzaile bezala hasi nintzenean beti buruan nuen, goizago edo beranduago, herriko taldea entrenatu nahi  nukeela. Izugarrizko gogoarekin nago, Ermuan asko ikasi dut nahiz eta gogorra izan den. Zumaiako entrenatzea handia da. Badakit presio handia izango dela, etxekoei gehiago eskatuko zaiela, baina badakit non sartzen naizen. Agian, batzuek pentsatuko dute gazte harrapatzen nauela, baina nik uste prestatuta nagoela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide