‘Elkarrekin Eraikitzen’ proiektua sendotuz doa bailarako ikastetxeetan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko eka. 22a, 10:34

Azkoitiko Elkargunean egin zuten atzo proiektuaren bukaera ekitaldia. Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetako ikasleak dira egitasmoaren ardatza. Dagoeneko hiru edizio bete dituzte.

Proiektuan parte hartu duten hainbat eragile eta parte-hartzaile izan ziren atzo, Azkoitian. (I. Berritzen) Elkarrekin Eraikitzen 2015-16 proiektuaren itxiera ekitaldia egin zuten atzo goizean Azkoitiko Elkargunean. Egitasmo horretan parte hartu dute ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxeetako, Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako eta eragileetako ordezkariek. Horiek guztiek goraipatu zuten proiektuaren hirugarren edizioan egindakoa atzoko ekitaldian. Aurrerantzean ere egitasmoa mamitzen jarraitzeko premia azpimarratu zuten gainera. Proiektuan hamabost irakaslek eta 250 ikaslek parte hartu dute. Horiez gain, prozesuan zehar ikasleek egin dituzten elkarrizketa eta azterketa lanetan 40 eragile aritu dira lanean. Proiektua garatzeko orduan egoteko aukera izan dute hainbat arlotako eragileekin, hala nola: enpresetako ordezkariak, Azkoitiko eta Azpeitiko udal ordezkariak, Urkomekoak, merkatari elkarteetakoak, Iraurgi Berritzeneko kideak, osasun zentroetakoak nahiz lehen sektoreko hainbat ustiategitako arduradun. Proiektuaren bukaerako ekitaldian, iaz bezala, bailarako bost ikastetxeetakoek parte hartu zuten: Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolak eta Floreaga Ikastetxeak eta Azpeitiko Urola Ikastolak, Iraurgi Ikastetxeak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik. Proiektua koordinatzeko lanaz, berriz, Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentzia arduratu da.

Ikaslea helburu

Elkarrekin Eraikitzen proiektuak hiru helburu nagusi ditu, beti ere, ikaslea proiektuaren ikasketa prozesuan protagonista izanik. Helburuetako bat ikasleen artean ekintzailetasunari lotutako balioak eta gaitasunak sustatzea da, hala nola ekimena izatea edo komunikazio gaitasuna lantzea. Horretarako, metodologia berritzaileekin esperimentatzeko aukera izan dute ikasleek ibilbidean zehar. Proiektuaren hirugarren eta azken helburua da, ikasleek eskualdeko egoera sozioekonomikoaren berri izatea, etorkizunean erabakiak ahalik eta informazio zabalena izanda hartu ditzaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide