Zumaiako barra konpontzeko lanak udan zehar egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko eka. 7a, 00:00

Otsaileko denboraleak egituraren 50 metro inguru mugitu zituen. Milioi eurotik gorako kopurua jarriko du Portuen zuzendaritzak lanak egiteko. Traineru estropadak jokatzea ez dago arriskuanOtsailaren 8ko gauean euskal kostaldea kolpatu zuen denboraleak ...

Otsaileko denboraleak egituraren 50 metro inguru mugitu zituen. Milioi eurotik gorako kopurua jarriko du Portuen zuzendaritzak lanak egiteko. Traineru estropadak jokatzea ez dago arriskuan

Otsailaren 8ko gauean euskal kostaldea kolpatu zuen denboraleak kalteak eragin zituen Zumaian ere. Julio Beobide ibiltokiaren amaierako komun publikoa puskatu zuen eta gaur egun itxita dagoen Talaipe jatetxean ere sartu ziren olatuak. Kalte handienak, ordea, barran eragin zituen: 50 metro inguruko harriak bota zituen itsasoak.

Ordutik, lau hilabetez barrara eramaten duen hesia itxita egon da eta ibilbidearen bukaerako plazatxoa zuloz beteta. Horri irtenbidea emateko, joan den astean zuloak porlanarekin estali zituen Portuen Zuzendaritzak. Erabakia kritikatu duten herritarrak ere izan dira, leku horretako galtzada-harrien ordez, zementoa erabili dutelako.

Orain, udaren atarian, barra konpontzeko akordio batera heldu dira Zumaiako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Portuen Zuzendaritza. Udalak ohar bidez jakinarazi du, berriztatze eta errefortzu lan horiek, larrialdi prozedura bidez egingo dituztela. Hala, lanak datozen asteotan hastea aurreikusten du udalak.

Zumaiako portuaren sarreran kokatutako barrak aurrez ere kalteak izan ditu. Orain hiru urteko denboraleetan egituraren zati zaharrean eta berrian kalteak eragin zituen itsasoak. Agintarien esanetan, oraingo lan hauekin arazoari behin betiko irtenbidea eman nahi diote. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute muturra eraberritzea eta hori behar bezala sendotzea eta indartzea: «Etorkizunean olatuek eta ekaitzek muturra berriro suntsitu ez dezaten eta segurtasun neurri egokiak izan ditzan».

1.293.100 euroko diru kopurua bideratuko dute lan horiek egiteko. Zorua 0,30 metro altxatu eta barraren egitura sendotuko dute. Itsas muturraren egungo itxurak, ordea, ez du inongo aldaketarik izango, hori nabarmendu dute udaletik.

Era berean, ibaiaren beste aldean, eskoileran, beste zenbait errefortzu eta berritze lan egiten ari dira gaur egun. Batetik, neguko ekaitzek pasealekuko lur zoruan egindako zuloak konpontzen ari dira eta olatuek harrien artean utzitako hutsuneak betetzen.

Udaletik azpimarratu dute lan horiek egiteko sasoi onena uda dela, «itsas baldintzak ezin hobeak direlako garai honetan».

Herritarrei eta arraunzaleei lasaitasun mezua ere helarazi die udako estropadei begira: Portuko Zuzendaritzak kai muturra irekitzeko konpromisoa hartu du horretarako, obrak amaitu gabe egon arren. Zumaiako Udalak lanen inguruan ateratako oharrean adierazi duenez, egokitzapen lanak ez dira oztopo izango Zumaian estropadak jokatzeko eta horiek ohiko eremuan jokatuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide