Koro Zabaleta eta Eñaut Agirre medikuek errauste plantak osasunean sor ditzakeen arriskuez hitz egin zuten, Zumaiako Natur Taldeak Oxforden antolatutako hitzaldian
Zubietan eraiki nahi duten errauste plantaren gaia puri-purian dago, horri lotuta Zumaiako Natur Taldeak erraustegiak herritarren osasunean sortu ditzakeen gaixotasun eta arriskuen inguruko hitzaldia antolatu zuen. Herenegun izan zen, eta jendez bete zen Alondegiko Oxford aretoa. Osasuna eta Errausketa Ikerketa-Taldeko (OEIT) Koro Zabaleta eta Eñaut Agirre medikuak izan ziren hizlariak.XXI. mendearen hasieran Txingudin erraustegi bat egiteko proiektua mahai gainean jartzearekin batera jarri zen martxan talde hori. Urte hauetan isilik egon direla esan zuten Zabaletak eta Agirrek, baina Zubietako proiektua ezagututa, berriro sistema honek eragin ditzakeen arriskuen berri ematera behartuta sentitu dira. Herriz herriko hitzaldiez baliatzen dira informazioa emateko, «instituzioek ez dutelako gurekin bildu nahi», esan dute.
Diotenez, nazioarte mailan egindako ikerketez baliatu dira dituzten datuak ezagutzera emateko. «Erraustegiak dituzten tokietan egindako ikerketak dira. Gainera, denbora epe luze batean hartutako datuak dira, gaixotasun batzuen kasuan, minbizietan adibidez, urte kopuru handia behar baita jakiteko ea errauste plantek eragina duten pertsonen osasunean».
Zabaletaren ustez, gizartean ez da ongi ulertu erraustegi batek nola egiten duen lan. «Pentsatzen da hondakinak bertan sartuta desagertu egiten direla. Eta, ez da hala. Masa berbera ateratzen da, baina beste mota batzuetakoa, eta hor gasak, dioxinak eta metal pisutsuak ateratzen dira», azaldu zuen. «Erraustegia bultzatzen dutenek diote mikropartikulak sortzen direla eta horiek ez dutela eraginik. Justu kontrakoa da: gorputzean sartzen zaizkigu eta tamainaren arabera gaixotasun mota desberdinak sortzen dizkigute».
Aipatutako ikerketa horietan jasotako dauen arabera, errauste planta duten tokien inguruan osasun arazoak areagotu egin dira: garaiz aurreko erditzeak, abortuak, erbi-ezpainak eta mota desberdineko minbiziak.
Instituzioek erakutsitako jokaera kritikatu zuten sendagileek. «Osasun sailak 2004an eta Bizkaiko Zabalgarbi erraustegiak 2011n enkargatutako bi ikerketa erabiltzen dituzte, esateko ez dagoela frogatuta erraustegiek osasunean eragina izan dezaketela. Komunitate zientifikoak ez ditu aintzat hartzen bi ikerketa horiek, eta instituzioek ez diete jaramonik egiten justu kontrakoa dioten ehundik gora ikerketei. Ardura printzipioa ezartzea eskatzen da, hau da, osasunean arrisku minimo bat badago ezin da halako erabakirik hartu. Garbi dago agintarien ardatza ez dela osasuna».