Integrazioaren bila 25 urtez

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko eka. 1a, 00:00

Zumaiako Institutuko Zereginen Ikaskuntzen Gelak 25 urte bete ditu ikasturte honetan. Pasa den astean beste herrietako ikasleekin batera egun osoko ospakizun festa izan zuten.Egoera denborarekin aldatu bada ere, ezberdinak jotzen direnak alde batera ut...

Zumaiako Institutuko Zereginen Ikaskuntzen Gelak 25 urte bete ditu ikasturte honetan. Pasa den astean beste herrietako ikasleekin batera egun osoko ospakizun festa izan zuten.

Egoera denborarekin aldatu bada ere, ezberdinak jotzen direnak alde batera utzi izan ditu gizarteak. Eskola sistemak duela urte gutxi arte ezberdintzat jotako pertsonak baztertu egiten zituen. Lehen urratsa egitura paraleloak, gela berezituak, sortzea izan zen. Hori, ordea, ez zen irtenbidea, ez da gizalegezkoa denak elkarrekin bizi behar duten ingurune batetik zenbait pertsona alderatzea. Hori dela-eta, Zereginen Ikaskuntzen Gelak (ZIG) sortu zituzten eskola arruntetan.

Urola Kostan Zumaiako Institutuan jarri zuten aurrena martxan, 2001-2002 ikasturtean. Eskaera eskaintza baino handiagoa zenez, 2005-2006 ikastur- tean, Zarautzen ireki zuten bigarren ZIG bat. «Orain, kostaldeko herrietako beharrei Zarautzen erantzuten diete, eta guk Urola bailarakoei. Datorren ikasturtean beste ZIG bat irekiko dute Azkoitian», dio Miren Galfarsoro irakasleak. Hori eta Tere Marañon aritu dira 25 urteotan Zumaiako ZIGean, eta Amaia Unanue eta Kristina Lakunza hezitzaileek osatzen dute lantaldea.

16 eta 20 urte bitarteko hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei zuzendutako ikasgela da; 21 urtera arte luzatu daitekeena. «Gela hau sortu zenetik normalizazioa izan da xede garrantzitsuenetako bat. Helburua pertsona bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanda, ahalik eta bizimodu autonomoena lortzeko ahalbideratuko dituen trebeziak garatzea da».

Ikasleen ikastorduak bi gunetan banatuta daude. Ordu batzuetan Institutuko gainontzeko ikasleekin batera egoten dira. «Helburua ez da akademikoa, sozializa- zioa eta normalizazioa garatzea baizik. ZIGeko ikasleak gela arruntetara joaten diren bezala, beste ikasleak gurera ere etortzen dira ordu batzuetan. Zentzu horretan, egoera asko aldatu da. Lehen irainak jasotzen zituzten, orain erabat integratuta daude».

Gainerako orduak ZIGen egiten dituzte eta ikaskuntza espezifikoagoak lantzen dituzte. «Koadernaketak eta bitxiak egiten dituzte birziklatutako materialekin, esmalteak, bizkotxoak, gauza asko».

Pasa den astean ZIGeko topaketak egin zituzten Zumaian. Arrasate, Oñati, Bergara, Elgoibar, Eibar eta Zarauzko ikasleen bisita jaso zuten. 40 ikasle eta 20 hezitzaile bildu ziren. «Debagoienan berez hasitakoa orain urtero egiten dugu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide