Maria Zubimendik Musikeneko karrera amaierako kontzertuaren jendaurreko 'entsegua' eskaini zuen Oxford aretoan. Datorren irailetik aurrera bi urteko masterra egingo du Suitzako Basilean.
samurtasunetik abiatuta, entzule ezjakin batentzako kakofoniatik hurbil dagoen pasarte batera eraman dezake segundo gutxiren tartean bere eskusoinuarekin. Akordeoia aipatzean Sena ibaiaren erriberetan kokatutako tabernetara garamatza irudimenak; baina, abangoardiatik hurbil egon daitekeen instrumentua izan daitekeela erakutsi zuen, beste behin ere, Maria Zubimendi zumaiarrak pasa den asteartean Alondegiko Oxford aretoan emandako kontzertuan.Zumaiako instrumentista gazte honek ikasketak amaituko ditu ekainean Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian. Ikasketen amaierako kontzertua eskainiko du ekainaren 8an, Donostian, eta hitzordu garrantzitsu horretarako aukeratutako errepertorioa jo zuen asteartean herrian. Jendaurreko entsegu horretan ez zituen aukera- tutako obra guztiak jo. «Obra batean perkusioaren laguntza izango dut, eta beste batean txistuarena. Txistulariak ezin zuen etorri eta horregatik lau obra besterik ez ditut joko», azaldu zuen Zubimendik Zumaiako kontzertua hasi aurretik.
Obra horietan, Ibarrondoren Arinka, Guinjoanen Sonidos de la tierra eta Jesus Torresen Cadencias-en, doinu goxoak eta karrankariagoak partekatu zituen. Amaieran, entzule batek galdetu zion ea nola idazten ziren zarata eta kolpe horiek partituretan.
Amaitzeko, eta entzuleen gozamenerako, Astor Piazzolla maixu eta bandoneon-jotzaile argentinarraren Le grand tango zirraragarria jo zuen. Pieza horretan Agate Amilibia biolontxelistaren laguntza izan zuen. «Ganbera musikako ikasketak batera egin ditugu azken urte honetan eta gaur nirekin egotea eskatu diot», adierazi zien aretoa bete zuten entzuleei. Piazzollak tangoaren mundua aldatu zuen bere bandoneonarekin, askatu egin zuen (Libertango hilezkorra hor utzi zuen), eta horren zipriztinak aste honetan Oxfordera heldu ziren bi musikari horiei esker.
Akordeoiaren teklei lehen ukitua eman aurretik, musikaren mundu ezkutuan murgiltzen da Zubimendi, edo hobeto esanda, musikak bera hartzen du. Aktore onenak pertsonaiaren gorputzean sartzen diren bezala, Mariak musika-notatan barrena egindako bidaia eskaintzen du. Behin obra amaitzen denean, segundo pare bat behar ditu konposiziotik atera eta txaloka ari diren entzuleei irribarre bat eskaintzeko.
Gaztea da Maria Zubimendi, 21 urte besterik ez ditu, eta bizitza erdia baino gehiago darama akordeoiarekin. 6 urterekin hasi zen akordeoia jotzen Zumaiako musika eskolan eta 9 urterekin Irunera joaten hasi zen Miren Iñargarekin ikastera. Zergatik aukeratu zuen akordeoia? Berak ere ez daki ziur. «Intuizioa izango zen», zioen orain hilabete batzuk.
Arrasate Hiria akordeoi lehiaketan sarritan hartu du parte. Ez hori bakarrik: maila guztietan, infantil, junior eta senior mailetan saritua izan da. Nazioarte mailako beste lehiaketa batzuetan ere hartu du parte, Italian eta Alemanian, hurrenez hurren.
Orain, Musikeneko ikasketak amaituta, bi urteko master bat egingo du Suitzako Basilea hirian. Musika garaikidea ikasiko du bertan. «Nire instrumentua ikastea bakarrik ez, master honetan ensemblea ikasteko aukera izango dut», aipatu zuen emanaldiaren amaieran. Ez du Euskal Herria erabat atzean uzteko asmoa. «Hirukoteko proiektua ere hor dugu martxan. Oraindik gerra emango dut hemen», esan du.