Infantiletan neskek eta mutilek Gipuzkoako txapelketa irabazi dute. Kadeteetako neskak partidarik irabazi gabe itzuli dira Galiziatik, baina esperientzian irabazi dute han
Zumaiako Pulpo K.E, eskubaloi klubaren lehen taldeak maila galdu du, hainbat urtez Espainiako eskubaloiko brontzezko mailan jardun ondoren. Iaz denboraldi polita egin zuten Kauldi Odriozola, Ander Torriko eta Mikel Martinez jubenilak lehen taldean zirela; aurten, ordea, hiru jokalariek Bidasoan eta Zarautzen jokatu dute. Espainia mailako eskubaloi taldeak ezin izan du puntu bat bera ere eskuratu, eta datorren denboraldian Euskadi mailako txapelketan ariko da.Ez da hori izan Pulpok denboraldi honetan izan duen emaitza txar bakarra: joan den otsailean Zumaiako eskubaloi klubeko mutilen jubenilek eta kadeteek maila galdu zuten. Euskal Ligan aritu dira denboraldi honetan eta, puntu bakarragatik izan bada ere, ez dira gai izan mailari eusteko.
Hala ere, Pulpok badu itxaropena izateko arrazoirik: harrobitik ateratako jokalari gazteek eman dituzte pozik egoteko hainbat arrazoi. Taldeko infantilek, bai neskek eta bai mutilek, Gipuzkoako txapelketak irabazi dituzte asteburu honetan: neskek 20-16 irabazi diote Elgoibarri eta mutilek 26-25 Irungo Bidasoari.
Datorren asteburuan Euskadiko Txapelketa jokatuko dute bi talde horiek, Bizkaiko eta Arabako txapeldunen aurka. Bilboko Zorrotzako kiroldegian izango dira eskubaloiko partida guztiak.
Emakumezkoen kadete taldeak, berriz, asteburu honetan jokatu du Espainiako txapelketaren sektore fasea, Galiziako Porriño herrian. Kantabriako, Asturiaseko eta Galiziako txapeldunak izan dituzte aurkariak, Vallebuelna, Gijon eta Porriño taldeak hain zuzen ere. Zumaiako taldea Euskadiko txapelketan laugarren postuan sailkatu zen eta fase hori jokatzeko aukera lortu zuen. Lauko txapelketako horretako irabazleak azken zortzirenen fasera sailkatzea lortu du.
Ttakun Pulpoko neskak itxaropentsu abiatu ziren ostiral goizean Pontevedrara, baina han errealitate gordinarekin egin zuten topo. Hiru partidak galdu dituzte jokalari gazteek: 34-26 Porriñoren aurka; 32-25 Gijonen kontra; eta 27-35 Vallebuelnarekin zuen partidan.
Oso joko irregularra izan dute fasean zehar. Talde bezala eta zentratuta jokatzen zutenean, aurkariei aurre egiteko gai ziren. Beste taldeek markagailuan aldea zabaltzen zutenean, ordea, urduritasunak eta presak nabarmendu dira jokoan. Orduan galtzen zituzten aukera guztiak.
«Txapelketa ez zaie une egokienean etorri. Orain bi hilabete taldea ondo zegoen eta zerbait handia egiteko aukera zuten orduan. Orain, baina, taldea fisikoki justu heldu da eta jokalari erabakigarri batzuek lesioetatik atera berriak daude», azaldu du Galiziara taldearekin joandako guraso batek. Emaitza ona izan ez bada ere, esperientzia positiboa izan da eskubaloilarientzat: «Jokalarientzako ona da izan fase hori jokatzea. Lan handia dago oraindik egiteko, baina badago non lan egina eta horrek poza ematen du».