Asier Aranbarriren kontrako auzia artxibatu du Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko mai. 13a, 14:59

"Lurralde eta ingurumen antolaketako" delitua egotzita deklaratu zuen Aranbarrik Azpeitiko Epaitegian, 2015. urtean. Txalon Errekako salerosketa batzuengatik inputatu zuten Aranbarri, garai hartan Azkoitia Lantzeneko lehendakari eta Azkoitiko alkate zena. Duela hilabete baino gehiago jakin zuen sozietate publikoak artxibatzearen berri, baina gaur bidali dute oharra hedabideetara.

Azkoitia Lantzenek ohar bidez jakinarazi duenez, udal sozietate publiko horren eta, beraz, Asier Aranbarriren kontrako auzia artxibatu du Azpeitiko Epaitegiak. Asier Aranbarri Azkoitiko alkate ohia joan den urtean auzipetu zuen Azpeitiko Instrukzio Epaitegiko lehen zenbakiak, "lurralde eta ingurumen antolaketako delitua" egotzita. Hain zuzen ere, 2004tik 2009. urteen artean Txalon Errekan egin ziren salerosketa batzuengatik inputatu zuten, ustez "dokumentuak faltsutu, fondo publikoak bidegabe erabili eta iruzur" egiteagatik. 2003 eta 2011 artean izan zen Azkoitiko alkate Aranbarri, EAJ alderditik, eta beraz, urte horietan Azkoitia Lantzenen lehendakaria ere izan zen. Azkoitia Lantzenek azaldu dutenez, Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak "amaitutzat" eman du sozietate publikoaren kontrako bide penala. Izan ere, dokumentuak faltsutzerik ez dutela egiaztatu jakinarazi du Azkoitia Lantzenek. Horrez gain, fondo publikoak bidegabe erabiltzeari lotuta adierazi du ondasun publikoaren kontrako kalteak egiaztatzea "ezinbesteko baldintza" dela fondo publikoak "bidegabe" erabili direla kontsideratzeko; eta epaitegiak ez du halakorik frogatu. Azkenik, sozietateko ordezkariek ohar bidez esan dutenez, kalte ekonomikorik ez egoteak ustezko iruzur delituen salaketarekin "aurrera jarraitzea galarazten" du, Kode Penalaren 248. artikuluaren arabera. Epaileak apirilaren 7an, duela hilabete baino gehiago, igorri zion artxibatzearen jakinarazpena Azkoitia Lantzeni, baina gaur bidali die horren berri jakinarazteko oharra hedabideei. Udal sozietate horretakoek bidalitako oharraren arabera, zera dio autoak: "Ekintzak ez dira inolaz ere legez kontrakoak kode penalaren arabera, eta, ondorioz, auzia artxibatzea da bidezkoa”. Epaiaren ustez, "autoan jasotzen den dokumentazio guztiaren, eta, zehazki, 2015eko urtarrilaren 23ko Estatuko Kontuen Auzitegiaren ondorioz, Azkoitia Lantzenen ekintzetan ez dago kontabilitate erantzukizunik. Beraz, ondasun publikoaren kontrako kalterik ezin da egiaztatu”.

Jatorria, 2013an

Aranbarriren auzipetzeak 2013an du jatorria; Azpeitiko Instrukzio Epaitegiak erakundearen beraren aurkako bigarren prozedura judiziala hasi zuen urte hartako azaroan. Estatuko Ministerio Fiskalak hala eskatuta, 2004tik 2009. urtera bitartean Txalon Errekan egin ziren salerosketak ikertzeari ekin zion, ustez "dokumentuak faltsutu, fondo publikoak bidegabe erabili eta iruzur" egiteagatik. Eremu hartako 9.1 eta 10.1 lur sailetan egindako operazioetan "irregulartasun zantzuak" ikusi ondoren abiatu zituen epaitegiak aurre-diligentziak. Hari horri tiraka eginiko ikerketagatik deklaratu zuen joan den urrian Azkoitiko alkate ohiak, hango "ordezkari legal" gisa. Dena den, aurrenekoz ekainaren 10ean deituta zegoen deklaratzera, eta atzeratu egin zen deklarazio saioa, "akusazio partikularreko abokatuak hala eskatuta", Aranbarriren arabera.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide