Bost urte arrakastatsu

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko mai. 12a, 00:00

Alondegia kultur etxea zabaldu zutela bost urte bete ziren atzo. Urte gutxi hauetan ia ehun erakusketa, liburutegiko milaka kontsulta, ekitaldi, antzezlan eta kontzertu izan dira bertan.bere garaian baserritarrak igande arratsaldetan ardo batzuk hartze...

Alondegia kultur etxea zabaldu zutela bost urte bete ziren atzo. Urte gutxi hauetan ia ehun erakusketa, liburutegiko milaka kontsulta, ekitaldi, antzezlan eta kontzertu izan dira bertan.

bere garaian baserritarrak igande arratsaldetan ardo batzuk hartzera kalera jaisten ziren moduan, orain bost urte Zumaiako kultura edo, hobeto esanda, kultur etxea Forondatik Erribera kalera jaitsi zuten. Bost urte bete ziren atzo Alondegia kultur etxea abian jarri zutenetik. Urte gutxi hauetan nabarmen igo da bertako erabiltzaile kopurua. Garai hartan Zumaiako Udalak egindako apustua arrakastatsua izan dela agerian geratu da.

Kultur etxea Alondegira mugitu zen arte, sarritan entzuten ziren herritarren kexa eta negarrak: «Han goraino joan behar al da?», zioten Forondako jauregira begira. Forondako markesarena izandako etxean kokatuta zegoen garai hartako Zumaiako kultur etxea. Han ziren kultur arduradunen bulegoak eta liburutegia; herri mailan Oxford bezala ezagutzen zen alondegi zaharreko eraikinean, berriz, erakusketa areto zaharkitua zegoen. Orduko agintariek eraikin zaharra hartu, erabat berritu eta kultur etxe izaera emateko erabakia hartu zuten. Hainbat buruhauste, zalantza eta mugimenduren ondoren, 2011ko maiatzaren 11n zabaldu zuten kultur etxe berria.

«Orduko udal gobernuaren apustua izan zen Alondegia, eta apustua ondo atera da», nabarmendu du Miriam Romatet Zumaiako kultur teknikariak. 450 metro inguru besterik ez daude Foronda eta Alondegia artean. Erabiltzaile kopurua, bestelakoa da, ordea. Liburutegira doazenak, erakusketetako bisitariak, bilera geletan elkartzen direnak edo edozein zalantza argitzeko bulegoetara sartzen direnak; egunero makina bat lagun hurreratzen da Alondegira.

«Kulturarena bakarrik ez, arlo guztietako zumaiarren elkargune bihurtu da eraikin hau. Herri mailan gehien erabiltzen den zerbitzuetakoa izango da Alondegia», gaineratu du Romatetek. «Bost urte hauetan, Oxford aretoan ia ehun erakusketa izan ditugu, liburutegietan milaka kontsulta, bilerak, azokak, ekitaldiak, kontzertuak, antzezlanak...». Goizean goiz posta elektronikoko mezu bat bidali die erabiltzaile eta kultur eragileei urteurrena gogorarazi eta eskerrak emateko.

Oxford zaharrean gertatzen zen bezala, erakusketa areto berrian ere nahikoa da ate handia zabaltzea jendearen harreta eta kuriositatea pizteko. «Urteko hogei bat erakusketa izaten ditugu hemen. Horiez gain bigarren eskuko azokak, perretxiko astekoak, Inauterietako eta Gala gaueko argazki txokoak eta beste hainbat ekitaldi izan dira». Orain Shanty Oria elgoibartarraren margoak eta eskulturak daude ikusgai, datorren astean pintura tailerreko ikasleen lanak zintzilikatuko dira Oxfordeko hormetan. Datorren urtera arte beteta dago erakusketen agenda.

Liburutegia: 2.700 bazkide

Alondegiaren arrakasta liburutegiko datuekin ere neurtu daiteke. Gaur egun 2.700 bazkide inguru dituzte Alondegian dauden bi liburutegiek: 1.470 haur eta 1.230 heldu. Zumaiako biztanleriaren laurdena baino gehiago da liburutegiko bazkidea. Iaz bakarrik 239 bazkide-irakurle berri gehitu ziren zerbitzura. Urte horretan bertan 11.600 mailegu egin ziren eta 152 erreserba. Liburutegien arteko mailegua ere asko erabiltzen dela azpimarratu du Arantxa Eizagirre liburuzainak.

Ohiturak asko aldatu dira urte hauetan eta lehen, azterketen atarian, etxean ikasten zen, belaunaldi berriek liburutegian ikastea nahiago dute. Hala, azterketa garaian Ikasgela eta helduen liburutegia beteta egoten dira arratsaldez. Goizak, berriz, helduenak dira: egunkariak irakurtzeko-eta. Moila eta Arranpla gelak ere aski erabiliak dira, bai bileretarako edota elkarrizketak egiteko. «Eskura dago tokia eta denei irekia», laburbildu du Olatz Erdozia kultur teknikari laguntzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide