«Batzuetan gezur bat edo beste botatzen dut, giroa berotzeko»

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko mai. 10a, 00:00

Mila eta bat gauzetan sartuta egoten den pertsona da Jon Urbieta. Horien berri emateko erabiltzen ditu sare sozialak. Baita gomendioak luzatu eta sozializatzeko ere.Elkarrizketa hasi aurretik, sare sozialak erabiltzeko modu desberdinak daudela zenion.S...

Mila eta bat gauzetan sartuta egoten den pertsona da Jon Urbieta. Horien berri emateko erabiltzen ditu sare sozialak. Baita gomendioak luzatu eta sozializatzeko ere.

Elkarrizketa hasi aurretik, sare sozialak erabiltzeko modu desberdinak daudela zenion.

Sare sozialez hitz egiten dudanean ez naiz soilik Facebook edo Twiterri buruz ari; Youtube ere hor dago: bideoak igotzearekin jendearekin sozializatzen da. Produktuek edo markek sareak saltzeko erabiltzen dituzte; hedabideek, adibidez. Pertsona arruntek, berriz, gustuak adierazteko edo sozializatzeko erabiltzen dituzte. Nik, adibidez, Twitterren edo Instagramen bidez lagunak egin ditut.

Laguna hitza asko erabiltzen da sare sozialetan, nahiz eta arrastorik ez izan zein den sarearen bestaldean dagoena.

Ez luke laguna izan behar, pertsona izan beharko luke. Gaur egun nire Facebook pertsonalean ditudan pertsonak ezagunak ditut, hau da, pertsona hori gehitu aurretik jakin behar dut zein den; aurretik harekin egonda. Sare sozialetan hasi nintzenean ez nuen batere kuidorik eta denei baiezkoa ematen nien. Timeline-eko %80 edo 90a ez nekien zein zen. Lagunek sartzen zutena ez nuen ikusten. 2014an, Alkainen programan sartu nintzenean, perfil pertsonala atsegin dut-en orria bihurtu nuen. Abantaila da lagun bezala nituen horiek jarraitzaile bihurtu direla. Perfil pertsonalean 340 lagun ditut, eta horiek lagunak dira.

Zein izan zenuen lehen sare soziala?

Tuentia. Aurretik bazegoen Messengerra, baina hura ez nuen sare sozial bezala ikusten; komunikatzeko zerbait zen. Tuentian ere lagun pila nituen. 2008an Facebooka egin nuen eta 2009an Twitterra.

Zein sare sozialetan zabiltza?

Era aktiboan, Twitter, Facebook, Instagram eta Snapchaten. Hori azken plataforma da, mugikorretan bakarrik erabili daitekeena. WhatsApp tankerakoa izango litzateke, baina badu beste erabilpen bat ere. Gazteen artean sare sozial erabiliena da. Snapchaten gauza on bat da ez diozula inori ematen telefonoa. Gauzak era pribatuan igo ditzakezu eta ikusteko laguna izan behar zara.

Sare sozialaren arabera erabilpen desberdina ematen al diozu?

Twitterri eta Facebooki ez diot erabilpen berdina ematen.Baina saiatzen naiz biak elkar elikatzen, era horretan jarraitzaile gehiago lortzeko. Bi sareetan gauzak ez ditut une berean jartzen. Instagramen egunero argazki bat igotzen dut, eta ez daukat lotuta Facebookeko orrira, baina bai perfil pertsonalera. Snapchaten, berriz, txorakeriak eta eguneroko gauzak sartzen ditut, lehen Twitterren sartzen nituenak.

Dena partekatzeak ez al du nekatzen?

Hori pentsatzen baduzu, ez nazazu jarraitu. Horri buruz hitz egin dut lagunekin. Galdetzen didate ea zergatik kontatzen ditudan hainbeste gauza. Gauza asko kontatzea izan liteke, baina jende gutxi jarraitzen dutelako ere izan daiteke eta egiten duten gutxi hori ez partekatzea. Ondorioz, bere timeline-ean beti nirea agertuko zaie.

Gauza askotarako erabiltzen dituzu sareak. Ba al da zerbait igotzen ez duzunik?

Noski, iragazki bat dut. Nire senide bat hil denean ez dut jartzen, adibidez. Edo zer gosaldu dudan. Nire bizitzako zerbait jartzen dudanean, da uste dudalako beste norbait berdin egon daitekeela, edo norbaitek uste dezakeela interesgarria dela; baita jende berria ezagutzeko ere. Batzuetan gezur bat edo beste ere soltatzen dut, giroa pixkat bat berotzeko. Ez, baina, trolleatzeko.

Horri lotuta, norbaitek zioen Facebook dela atsegin dut-ena eta Twitter gorroto dut-ena.

Gorrotatzaileena... Hori gizartean gertatzen ari den zerbait da. Gaizki egin den zerbait seinalatzeko erreztasuna dago. Amorru handia ematen didana da, jendeak hori egiteko ohitura duela, gehienbat, anonimotasunagatik. Koldarkeria da. Gauzak beldurrik gabe esaten ditut eta horregatik jarraitzaileak galdu ditzaket, baina lo lasai egiten dut. Beste batzuk, agian, ez. Horrek ez du ezer laguntzen. Anonimotasunetik egindako kritika negatiboek ez didate ezertarako balio. Ezezagun batek zerbait esatea… gutxi axola dit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide