Argiteria hobetzeko mailegua eskatzea onartu du Udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko mai. 3a, 00:00

504.219 euroko mailegua eskatuko du Zumaiako Udalak. «Energia aurreztu eta ingurumenaren zaintzan laguntzea» dute helburu, hori lortzeko hainbat ekintza eginezMozio eta kontramozioz betetako apirileko ohiko udalbatzarrak Zumaiako argiteria hobetzeko ...

504.219 euroko mailegua eskatuko du Zumaiako Udalak. «Energia aurreztu eta ingurumenaren zaintzan laguntzea» dute helburu, hori lortzeko hainbat ekintza eginez

Mozio eta kontramozioz betetako apirileko ohiko udalbatzarrak Zumaiako argiteria hobetzeko interesik gabeko mailegua eskatzea onartu zuen, aho batez. Udal Gobernuak (EAJ) aurkeztutako proposamena alde guztiek onartu zuten, bai EH Bildukoek eta bai PSE-EEko ordezkariak.

Zumaiako argiteriaren inguruan egindako auditoretzaren emaitzak aztertu eta argiztapena hobetzeko egin beharreko ekintzen gastua zenbatu ostean, Zumaiako Udalak 504.219 euroko mailegua eskatuko du Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Erakundera (IDAE). Maileguko dirua herriko argiteria hobetzera bideratuko dute osorik, «ahalik eta aurrezki energetiko handiena lortzeko eta, era berean, ingurumenaren zaintzan laguntzeko», azaldu zuen Oier Korta alkateak. Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren bitartez emandako maileguak ez du inongo interesik, eta udalak hamar urteko epea izango du hori amortizatzeko.

Gobernukideek azaldu dutenez, eraginkortasun energetiko garrantzitsua eduki ahal izateko hainbat ekintza egingo dituzte. Horien artean, herriko hainbat argi doitu eta erregulatu eta 841 argi ordezkatuko dira, kasu batzuetan LED teknologiadunak jarriz. Era berean, neurri horien bidez, herriko «puntu beltzei» irtenbidea eman nahi die. «Sistema berriari esker, urteko 76.513 euro aurreztea lortuko da, eta, modu horretara, IDAEko mailegua amortizatuta geldituko da lehen sei urteetan».

Axier Lopezen alde

Hasiera batean iragarritako udalbatzarreko gai zerrendak zortzi mozio edo proposamen zituen. Horiei beste bost kontramozio edo proposamen alternatibo gehitu zizkien gero.

EH Bilduko udal taldeak aurkeztutako proposamen horietako bat Mozal legearen aurkakoa eta Axier Lopez kazetari eta Zumaiako bizilagunaren aldeko adierazpen instituzionala zen. Argia aldizkariko kazetariak isuna jaso zuen atxiloketa batean ateratako argazkiak Twitter sare sozialaren bidez zabaltzeagatik.

Proposamenak aldeko hamabi bozka eta abstentzio bat jaso zituen. Alkatearen hitzetan, Lopezek jasotako isunak ez du «inongo euskarririk». Mozal legearen aurka ere agertu zen Korta.

PSE-EEko Arritxu Marañon zinegotziak bere abstentzioa arrazoitu zuen ondoren. Mozal legearen aurka zegoela esan eta «lehenbailehen» bertan behera uzteko eskatu zuen Marañonek. Era berean, ordea, berak esan zuen epaileek hartutako erabakiak «beti ontzat» hartzen dituztela, eta, «kasu honetan ere, epaileak hartutako erabakia izan da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide