1931ko Zumaiako Udalbatzak Euskal Errepublika aldarrikatu zuen. Hombrados Oñatibiaren garai hartako margolana ekarri dute gogora orain, Sanjuaniturriko 'Maritxu' jantzita
1931. urtean aldarrikatu zuten II. Errepublika Espainian. Eibar izan Errepublikaren alde agertu zen lehen hiria, eta atzetik beste asko gehitu zitzaizkion ordukoan. Zumaian ere Errepublikaren alde egin zuten, baina, Eibarkoarekin alderatuta bazuen desberdintasun bat: han Espainiako Errepublika aldarrikatu bazuten, Zumaian Euskal Errepublikaren alde egin zuen udalbatzak. Hala jasotzen da orduko agirietan. Ez hori bakarrik: 1931. urte hartan autodeterminazioaren alde ere egin zuten.Urte hartan bertan, erabaki harean oroigarri izateko asmoarekin, alkate zen Victoriano Arratek koadro bat enkargatu zion Hombrados Oñatibia margolariari. Pintoreak Gernikako Batzarretxean 1601ean egindako foruen bilkura bat irudikatu zuen margolanean, eta bertan Zumaia irudikatzen zuen emakume bat kokatu zuen, herriko irudia soinean duela. «Errepublika garaian emakumeek presentzia handia izan zuen eta keinu honen bitartez, omenaldi bat egin nahi izan zitzaien Zumaiako emakumeei», zioen Joseba Esnal Erkibe kultur elkarteko kideak aldarrikapen haren 85. urteurrena gogoratzeko, Sanjuaniturri parean atzo egin zuten ekitaldian.
Emakume hark koadroan zeramatzan janzki berdinekin jantzi zuten goizean iturriaren alboan dagoen Maritxuren estatua. Goizeko lehen ordutik aritu ziren lanean Arritxu Bidasoro eta Arritxu Goikoetxea. Bidasorok propio egin du jantzia egun honetarako. Detaile guztiak zaindu nahi izan ditu eta, adibidez, kremailera Valladolidetik ekarritakoa da, eta botoiak Talavera de la Reinatik. Armarria, berriz, Goikoetxeak egin du espresuki.
Koadro maitatua Zumaian
Hombradosen koadroa 1932. urtean zintzilikatu zuten Zumaiako udaletxean. Gerra lehertu zenean, baina, kendu eta 40 urtez galduta egon zen. «1977an, Francoren irudi denak kendu zituzten, eta haren margo baten atzean agertu zen koadroa. 80ko hamarkadan, orduko herriko gobernuak koadro horren kopiak egin eta herrian banatu zituen. Zumaiako etxe askotan daude koadroaren kopiak, baita atari batzuetan ere», esan du Esnalek.