Gipuzkoan zehar egingo diren bileretatik lehena egin zuten Alondegian. Aldundiko kultur saileko arduradunak herriko kultur eragileekin bildu ziren
Gipuzkoako Foru Aldunditik bultzatzen ari diren kultura politika ezagutzera eman nahian, zenbait bilera egingo dituzte bertako arduradunek, datozen asteotan, Gipuzkoako eskualde eta herrietan. Batzarretan lekuko kultur eragileekin elkartuko dira aldundiko kultura saileko buruak: «Departamentuaren egitasmoak aurkeztu eta, partaidetza kate bat zabalduz, iritziak eta esperientziak trukatzeko eta lehen eskutik Gipuzkoa osoko kultura errealitatea ezagutzeko». Bilera sorta horietatik lehena Zumaian egin zuten asteazken arratsaldean, eta bertan izan ziren Denis Itxaso Kultura diputatua eta Maria Jose Telleria kultura zuzendaria. Berez, eskualde osoko kultur eragileak zeuden deituta, baina Zumaiakoak bakarrik inguratu ziren Alondegian egin zen bilerara.Egoera eta gauzak aldatzeko erreminta eraginkorrena kultura dela esan zuen Itxasok, «nahiz eta bidea mantsoagoa izan daitekeen». Bere ustez, Gipuzkoa «nahiko lurralde orekatua» da, nahiz eta onartu zuen baliabide gehienak Donostiak jasotzen dituela. «Badago, baina, halako aberastasun bat zabalduta, eta herrietan egiten den kulturgintzari garrantzia eman behar zaio». Horretarako egokia ikusi du Gipuzkoa osoko mapa bat egitea, «kultur eragileek egiten dituzten egitasmoak ongi ezagutzeko».
Herrialdeak kultura sistema berri bat behar duela azpimarratu zuen Itxasok, «erronka sozial, ekonomiko eta kultural berriei erantzuteko». Beharrezkoa ikusten duten aldaketa horrek hiru ardatz edo oinarri izango dituela ere eman zuen jakitera: iraunkortasuna, parte-hartzea eta eraldaketa. «Eraldatzailea, errealitatea transformatzeko balio badu, bultzada beharko duelako; parte-hartzailea, bestela ez delako herritarrengana heltzen; eta iraunkorra, sortzaileei dirua ez bazaie heltzen, kultura eraldatzailerik ez dugulako izango». Zentzu horretan, errekurtsoak «ahalik eta modu egokienean» erabili behar direla nabarmendu zuen. Azpiegitura berriak egiten baino, dagoen dirua programetara bideratzeko apustua egin du Itxasok.
Kultura Kontseilu bat martxan jartzeko asmoa ere erakutsi zuen diputatuak, «irizpide profesionalen bitartez gure politika parte-hartzailegoa izateko». Kontseilu hori sortzea onartuta dute dagoeneko, nahiz eta oraindik ez den bildu. «Bertan aditu eta itzala duten profesionalak» bildu dituztela adierazi zuen, «ikuspegi artistikoa duen jendea, baina baita promotorak ere».
Aldaketa sozial bat ekarriko duen plan estrategiko bat egitearen alde azaldu zen diputatua: «Kulturak balio du gizarte balio jakin batzuen inguruan antolatzeko: bizikidetza, berdintasuna eta elkartasuna, besteak beste».
Egitasmo berriak
Zenbait egitasmo berriren inguruko informazioa eman zuen. Hala, zinema eskola bat eta pentsamenduaren gela bat sortzeko borondatea dute Tabakaleran. Martxan jarri edo jarriko diren beste proiektu batzuk Katapulta izeneko musika zirkuitua, «aukera bat emango diena artista gazteei», eta Kultur dealers izeneko egitasmoa dira. Azken honek, mikroipuinak zabalduko ditu makina banatzaileen bitartez.
Bide berriak zabaltzea beharrezkoa ikusten du: «Sarrera gehiago ekarriko dituztenak kultura munduaren iraunkortasuna indartzeko». Hartutako neurriak ere azaldu ditu: kulturari ezartzen zaion BEZa kultura bonoen bidez itzultzea; mikromezenazgo programa berri bat; eta laguntza eta diru laguntzen irizpideak aldatzea, «proiektuek lehentasuna izan dezaten egitura edo entitateen aurrean».