'Repetizio'-en esperoan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko api. 5a, 00:00

Amaitu da Zumaiako San Telmo jaien lehen asteburua. Espero bezala, herria urdinez jantzi da ostiraletik astelehenera bitartean, eta festa giroa nagusitu da lau egun hauetan.Kolore urdina nagusitu da pasa berri den asteburuan Zumaian; San Telmo jaien er...

Amaitu da Zumaiako San Telmo jaien lehen asteburua. Espero bezala, herria urdinez jantzi da ostiraletik astelehenera bitartean, eta festa giroa nagusitu da lau egun hauetan.

Kolore urdina nagusitu da pasa berri den asteburuan Zumaian; San Telmo jaien erakusgarri den alkandoraren kolore urdina. Igaro da festetako lehen asteburua eta San Telmo eguna, beraz, gaur ajea eta lanera itzultzeko gogo falta izango da nagusi herritarren artean.

San Pedro Txiki abesbatzak emandako kantu kalejirarekin hasi ziren festak ostiralean, eta Lotxo taldearen erromeriarekin hartu du atseden festa giroak astelehen gauarekin. Halere, gaur, San Telmo bigarrenean, olagarro-zopa banatuko dute elkarte eta taberna batzuetan, biharamuna gainditzeko erremedio egokia.

Lehen emakumea

Hamarkada batzuetatik hona, arrantzale ohi batek igo izan du Kodrafiako bandera igande gauerdian, San Telmo egunari hasiera emanaz. Aurten, lehen aldiz, emakume batek igo du bandera: Milagros Urbietak. Txikitatik Ortiz kontserbagintza enpresan lanean aritutakoa, arrantzale familia bateko Imanol Osarekin ezkondu zen, eta zortzi seme-alaba izan zituzten: lau mutil eta lau neska. Zumaiako arrantzagintzako familia garrantzitsua izan da osatarrena: Miguel Angel arrantzontzia izan zuten lehenbizi eta Glorioso San Telmo ondoren; Zumaian izan den azken arrantzontzia. Milagrosek pozarren jaso zuen omenaldia, eta Udal Musika Bandak eta danborradak jotako San Telmo Martxa-ren doinua lagun zuela igo zuen bandera.

Irudi berritua

Susto galanta hartu zuten iaz San Telmo ermitara prozesioan igo zirenek santuaren irudia erortzen ikusi zutenean. Irudia kaltetua izan zen, iazko festetako bitxikerietako bat izan zen. Konponketa behar zuela aprobetxatuz, goitik behera zaharberritu dute Rakel Nacentak eta Idoia Idigorasek. Jantzian ia desagertuta zeuden hainbat xehetasun berreskuratu dituzte, eta denboraren higaduraz galdutako distira du berriro santuaren irudiak. Hala ikusi zen atzoko prozesioan.

Asteburu batekin nahikoa ez, eta datorren ostiraletik igande gauerdira bitartean santelmotako repetizioak izango dira Zumaian, hainbat ekitaldirekin. Beraz, alkandora urdina garbitu eta berriro festetarako prestatzeko moduan dira zumaiarrak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide