Zuzeneko pilota jokoan lehiatuko dira Euskal Herriko eta Valentziako selekzioak Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko mar. 31a, 17:15

Larunbatean dira partidak, goizez zein arratsaldez, Oteiza pilotalekuetan. Esku pilota baino lehenagoko modalitatea da zuzeneko jokoa, eta pilotariek aurrez autre jokatzen dute, hormarik gabe.

(E. Albizu Lizaso) Euskal Herriko eta Valentziako selekzioak nor baino nor ariko dira Azkoitian, zuzeneko pilota jokoan. Larunbatean, apirilak 2, jokatuko dituzte hiru partida, hiruna modalitatetan: Llargues moduan, One-wall-en eta nazioarteko modalitatean. Jorge Oteiza pilotalekuan dira lehiak, 12:00etan, 13:00ean eta 19:30ean. Otsailaren 6an sartu zen Euskal selekzioa joko zuzeneko nazioarteko konfederazioan, eta Euskadiko Pilota Federazioko kideek nabarmendu dute kirolaren "berreskurapenean" zein selekzioaren "ofizialtasunaren bidean" urrats garrantzitsua izan zela. Zuzeneko pilota jokoa eskupilotaren aldaera zaharrena da. Aurrez aurre jarduten dute pilotan jokalariek, tenisaren tankeran. Hormarik gabeko plaza edo guneetan jokatzen da. "Pilotaren oinarria" hortik datorrela esan dute antolatzaileek. Izan ere, artzainek, esate baterako, zelai eta mendietan jokatzen zuten zuzeneko pilota jokoan. Haren ondoren iritsi ziren gainontzekoak: zestuak, palak eta abar.  Antton Mendizabal Oiartzungo udaleko ordezkariak azaldu duenez, 36ko gerraren eraginez galdu zen joera zuzeneko pilotan jokatzeko, eta Villabona, Zubieta eta Oiartzunen ari dira berreskuratzen orain. Iparraldean halako gudarik izan ez zutenez, zuzeneko jokoa osasuntsuago dagoela azaldu du Mendizabalek; horren erakusle da laxoa modalitatea. Mendizabalek esan du "etorkizuneko kirola" ere badela zuzeneko pilota jokoa. Izan ere, eskuan min gutxi ematen duen modalitatea da, eta horrek emakumeei "kokatzeko aukera" ematen die. Beste berezitasun bat ere badu, antolatzaileen hitzetan: "Esku pilotan, herritarrek propio joan behar dute pilotalekura; baina modalitate honekin, pilotariak irteten dira kalera, eta errazagoa da ikusteko".

Egitaraua

  • 12:00ak: Llargues modalitatea jokatuko dute gizonek. Euskal Herria eta Valentzia.
  • 13:00a: One-wall modalitatea jokatuko cute emakumeek. Euskal Herria eta Valentzia.
  • 19:30a: nazioarteko modalitatean arituko dira, bikote mistoekin. Nafarroa.

Azkoitia, "pilotaren hiriburu"

Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak esan du "pilotari handien sehaska" dela Azkoitia. Hori aprobetxatuta, lanean jarraitu, eta "pilotaren hiriburu eta bihotz" bihurtu nahi dute herria: "Saiakera horretan ulertu behar da pilotaren federazioarekin egin dugun bidea". Positibotza jo du "ohikoak ez diren" modalitateak Azkoitian ikustea, pilota "bere osotasunean eta indar guztiekin" sustatzeko. Horrez gain, azaldu du aukera bat dela emakume pilotarien papera "aldarrikatzeko" ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide