'Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna' saiakera aurkeztu du Iñigo Aranbarrik

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2016ko mar. 16a, 16:33

Pamiela argitaletxearekin kaleratu du lana azkoitiar idazleak, eta gaur aurkeztu du Donostian. Azkoitiko bi gertaera hartu ditu saiakera liburuaren abiapuntu gisa: Peñaflorida kondearen 'El borracho burlado' operaren estreinaldia eta 1766ko apirileko matxinada.

Liburuaren azala. Txanton Garrote agertokitik jaitsi zen eguna saiakera liburua aurkeztu du gaur, asteazkena, Iñigo Aranbarri azkoitiar idazleak. Donostiako Udal Liburutegiko sotoan egin du Pamiela argitaletxearekin kaleratutako liburuaren aurkezpena Aranbarrik, eta dagoeneko salgai da liburua 12 euroren trukean. Azkoitiko bi gertaera hartu ditu Iñigo Aranbarrik saiakeraren abiapuntutzat: Peñaflorida kondearen El borracho burlado operaren estreinaldia eta 1766ko apirileko matxinada. "Gure historiako bi koska, interes desberdinak tarteko, elkarrengandik bereizita eman zaizkigunak, eman zaizkigunean", esan du idazleak. Horrez gain bi gertakarien arteko lotura azpimarratu du Aranbarrik: "Garai bera, gizarte bera, jende bera baita agertokian barregarri erakutsi eta urtebete pasatxora gosearen beldur eta bidegabekeriaz nazkatuta Azkoitiko eta Azpeitiko kaleetara ateratzen dena. Aurten dira 250 urte". Idazleak esan duenez, "orain arte isil-gordean egon den agiri asko" aurkituko du irakurleak liburuan: "Kondearen operako protagonista den Txanton Garrote agertokitik jaitsi eta egilearen solaskide bihurtuta, klasismoak gure teatroan zer bide hartu duen erakutsiko zaio orrietan barrena dabilenari. Begien bistan izan dituen kasualitateekin harrituko da. Dokumentazio historikoa dago baina ez da historia saiakera. Peñafloridaren obra aztertzen da baina ez da entsegu literarioa". Liburuaren hitzaurrea Jose Luis Otamendi azpeitiar idazleak egin du, eta hark dioenez, "akademizismotik urrun, ezohiko artefaktu literarioa» da Aranbarrirena; "doia, neurtua eta suharbera".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide