Zumaiako Gure Esku Dago-k herri galdeketa egitea erabaki du

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko mar. 16a, 00:00

Joan den larunbatean egindako batzarrean onartu zuten aurrera egin eta herri galdeketa egitea. Antolaketarako talde eragilea osatuko dute larunbateanEuskal Herriko beste herri eta eskualde batzuetan bezala, Zumaian ere independentziaren inguruko herri ...

Joan den larunbatean egindako batzarrean onartu zuten aurrera egin eta herri galdeketa egitea. Antolaketarako talde eragilea osatuko dute larunbatean

Euskal Herriko beste herri eta eskualde batzuetan bezala, Zumaian ere independentziaren inguruko herri galdeketa egingo dute. Hala erabaki zuten larunbatean Gure Esku Dago-koek deitutako batzarrean, Oxford aretoan. Erabakia hartuta, galdeketa hori antolatzeaz arduratuko den talde eragilea osatuko dute orain; larunbatean dute bilera irekia, 11:00etan, Foronda kultur etxeko ganbaran.

50 lagun inguruk parte hartu zuten larunbateko batzarrean. Zumaiako Gure Esku Dagoko kideak pozik zeuden jasotako erantzunarekin, eta baita bertan bildutakoen «aniztasunarekin»: «Bilera aurretik, deialdia egiteko orduan, batzuk etorri ezina zutela azaldu ziguten, baina aurrera egiteko eta lanerako prestutasuna azaldu zuten; beraz, esan dezakegu 40 lagun baino askoz gehiago garela, eta horrek ematen digu bultzada aurrera egiteko, eta hori oso garrantzitsua da guretzako», adierazi du Zumaiako Gure Esku Dagoko kide Mendigaña Gorostiagak.

Azpeitian independentziaren inguruko herri galdeketa antolatzen ari den Hitzartuko bi kidek parte hartu zuten larunbatean Zumaiako batzarrean. Haiek eman dituzten pausoak azaldu zituzten. «Azpeitiarrek lan handia egin dute dagoeneko, eta hasi dira horren fruituak jasotzen. Haiek egindako bidea azaldu digute, baita aurrera begirako dituzten asmoak ere. Lagungarria izan da heldu beharreko erronka nolakoa den argitzeko, baina garbi dugu gure bidea guk pentsatu eta egin beharko dugula», gaineratu du Gorostiagak.

Batzarrak herri galdeketa egitea adostu zuen, eta horretarako lehen pausoak zein izango diren erabaki zuten. «Herri galdeketa egitearen erronkari heltzea erabaki da. Erabakitzeko eskubidea gauzatuz aldarrikatu nahi dugu, baina horrez gain prozesuak berak lagunduko digu herritarron artean zubiak eraikitzen eta ahal dugula sinestarazten».

Orain, herri galdeketa antolatuko duen talde eragilea osatu eta martxan jartzea dute asmoa. Horretarako, larunbaterako bilera irekia antolatu dute Forondan. «Dagoeneko 15 lagunek eman dute izena, baina lanerako gogoz dagoen edonori zuzendutako bilera da. Lehen bilerako egiteko nagusia da, galdeketa antolatzeko protokoloa ezagutu eta eman beharreko lehen pausoak zehazten hastea. Ondoren, pausoz pauso bidea nola egin ikusiko dugu. Galdeketa egiteko data, galdera, prozesua, dena dago erabakitzeko, baina ziur epe motzera erantzun asko izango ditugula».

Dinamika aberatsak

Herri galdeketa egitea onartu duten herrietan erabakitze eskubidearen inguruan piztutako giroa goraipatu du Gorostiagak: «Herrietan oso dinamika aberatsak sortzen ari dira, eta herritarrak aktibatzen ari dira erabakitzeko eskubidearen inguruan. Oraindik ezin da esan galdeketa egunean nolako parte-hartzea izango den, baina sortu duen giroa goraipatu dute herri horietako batzordekideek».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide