Maryam Fathi errefuxiatu kurduak hitzaldia emango du gaur Alondegian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ots. 26a, 07:14

Errefuxiatuen Harrera Taldeak antolatu du saioa, eta 19:00etatik aurrera izango da .Boluntarioak biltzeko kanpainak izandako emaitzarekin pozik dago Harrera taldea

Zumaiako Harrera taldeko kide batzuk (Juan Luis Romatet). Europaren ateak kolpatzen ari diren errefuxiatuen tragedia egun batean hedabideetako azaletan izaten da, eta hurrengoan desagertu. Gerra egoera dauden herrialdetatik datozen pertsonen odiseak ez du etenik, ordea. «Asimilatu ezin dezakegun tragedia bat gertatzen ari da Siria edo Irak bezalako estatuetan, Libanoko, Jordaniako eta Turkiako kanpalekuetan eta Egeo itsasoan. Horren aurrean, Europar Batasuneko agintariek entzungor jarraitzen dute, eta neguaren bezperan emandako hitzak ez du inongo baliorik». Egoera horren aurrean haserre daude Errefuxiatuen Zumaiako Harrera taldeko kideak. Agintariek, politikariek, milioika pertsona, gizonezko, emakumezko eta haur «abandonatuta» utzi dituztela diote. «Ekarriko zituztela agindu zuten, non daude ordea? [Alemaniako Lehen Ministro Angela Merkel] Merkel aritu zen esanaz kopuru handi bat hartuko zituela, baina hura ere isilik dago azkenaldian, Alemania barruan ere nahikoa arazo sortu zaizkio-eta gai honekin». Harrera taldea iazko abenduan sortu zuten, «esan zutenean errefuxiatuak Euskal Herrira etorriko zirela». Lehen bilera batzuk egin zituzten, eta laguntzeko interesa agertu zuten herritarrak ere inguratu ziren batzarretara. Europako agintariek estatu bakoitzak jaso behar zituen errefuxiatu kopuruak zehaztu bazituen ere, bakar batzuk besterik ez ziren joan Espainiara eta handik bi izan ziren Euskal Herrira etorri ziren errefuxiatuak. Kaosetik ihesika dabiltzan pertsona horiek etorri ez badira ere, Harrera taldeak lanean jarraitu du hilabete hauetan. Urtarrilean kanpaina bat jarri zuen martxan era batera edo bestera lagundu nahi zuten jendea biltzeko. Hilabete iraun duen kanpainak eman duenarekin pozik agertu dira taldekideak. «24 bat lagunek eman dute izena, eta hori oso pozgarria da. Era askotara laguntzeko borondatea erakutsi dute: hizkuntzarekin, etortzen direnekin paseatzen, eta abar. Kopuruaz gain, pozgarria dena da sentsibilitate desberdineko jendeak hartu duela parte, talde anitza dela, alegia», diote. Harrera taldekoek garbi utzi nahi dutena da beraiek ez dutela hartuko instituzioen papera. «Guk ez ditugu gure etxeetan hartuko; hori, bizitzeko lekua ematea, instituzioen lana da. Zumaiako Udalak San Juan Egoitzaren alboko etxea eskaini zuen horretarako. Beraien egunerokotasunean, ordea, lagunduko diegula. Ez da soilik etxe bat ematea eta molda daitezela. Ez, eguneroko bizitzan lagundu behar zaie, beraien etxeetatik kanpo dauden pertsonak dira-eta. Guk, euskaldunok, badakigu zer den erbestera joan behar izatea. Orain, guri egokitzen zaigu laguntza ematea». Gerratik ihes egiten ari den jendea hona etorri zain ez dira geratuko. «Badago jende bat kanpotik hona etorri dena, eta beraiek ere izango dituzte beharrak. Haiei laguntzen ere saiatuko gara», esan dute Harrera taldekoek. Urte hasierakoa bukatuta, oraingoz ez dute beste kanpainarik abian jartzeko asmorik. «Etorkizun hurbilean bilera bat edo beste egingo ditugu izena eman duten lagunekin, norberaren berri izan eta zer asmo ditugun jakiteko». Kanpaina berririk izango ez bada ere, errefuxiatuen gaiaren inguruko sentsibilizazioa bereziki garrantzitsua dela uste dute, eta horren barruan kokatu dute gaur (otsailak 26, ostirala) arratsalderako antolatu duten hitzaldia. Maryam Fathi errefuxiatu kurdua izango da Zumaian. Mafia bati ordaindu ondoren egin zuen bidaia eta Euskal Herrira ekarri zuen odisea kontatuko du. Errefuxiatuen odisea izenburua jarri diote hitzaldiari, 19:00etan izango da, gaztelaniaz, Alondegian. Hitzaldiarekin batera bideo emanaldi bat izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide