Garbigune txiki bat jarri du Zumaiako Udalak Eusebio Gurrutxaga plazan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ots. 25a, 06:03

Era guztietako materialak bota daitezke etxolan. Hondakinen inguruko hitzarmena alde batera utzita, neurri hauekin birziklatze mailak gora egitea espero du alkateak

Zumaian jarri duten birziklatze etxola (Juan Luis Romatet) Etxola kokalekuan jarri eta berehala hasi dira herritarrak gerturatzen. Plaza inguruan bizi diren emakumeak eta gizonezkoak ere hurreratu dira. Mota desberdineko olioak, pilak, jostailuak nora bota daitezkeen ikusi dute, eta banaka ateak zabaltzen ere aritu dira. «Orain aitzakiarik ez dugu», esan dio emakume batek bere lagunari. Noski, kexatu den jendea ere izan da. «Ez al da handiegia toki honetarako? Barrera antzerako bat ez al du egiten?», galdetu dio plazako botikako langile batek bertaratutako Oier Korta Zumaiako alkateari. Alkateak berak azaldu duenez, Udal Gobernu berria sartu eta gutxira eskatu zuten etxola hori. «Plataformatik aurreko Udal Gobernuari eskatu izan genion. Udaletxean sartu ginenean, uztailean, Urola Kostako Udal Elkarteari etxola honen beharra azpimarratu genion. Bestela, jendeak Joxe Mari Korta industrialdera eraman behar zituelako hondakinak. Hiru kilometrora dago, eta autoa beharrezkoa da. Horregatik hirigunean era honetako hondakinak botatzeko gune baten beharra ikusten genuen». Iazko uztailean eskatu bazuten  ere, otsailera arte ez dute jarri kokalekuan. «Ekogras etxearen etxolak kamioi baten zama kaxaren itxura zuen. Plaza eraberrituta dago, eta ez genuen lekurako egokia ikusten. Horregatik, egurrez estaltzeko eskatu genuen. Zerbitzua, berez, Uroal Kostako Udal Elkarteak ordainduko du, baina estaltze lanak guk ordaindu ditugu. Gainkostua 3.000 eurora ez da iritsi». Garbigune mugikor honetan landare-olioa, arropa, jostailuak eta liburuak, etxetresna elektriko txikiak, hodi fluoreszenteak, autoko olioa eta iragazkiak, pinturak eta abar luze bat bota daitezke. «Birziklatzera bultzatu nahi ditugu herritarrak, eta halako toki batean jartzea gai horretan sentsibilizatzeko asmoa dago». Garbiketa eta hondakinak Kale garbiketa eta hondakinen bilketa zerbitzuen berri ere eman du alkateak. Hala, lehen batera  esleitzen ziren bi zerbitzuen kontratuak, orain bitan banatu dituzte: kale garbiketa Serbitzu enpresari emango diote, eta hondakinen bilketarena Cespari. «Kale-garbigailu berri bat erosteko asmoa genuen. Serbitzu enpresaren eskaintzak kale-garbigailu berri bat bere gain hartuta zuen, eta aukeratua izatearen arrazoietako bat hori izan da». Cespak, berriz, zortzi hilabeteko epean, hilero sentsibilizazio kanpainak egingo ditu ikastetxeetan, merkatariekin eta herritarrekin. Infociti-Zumaia izeneko webgunea ere sortuko du. «Bertan iradokizunak eta kexak emateko aukera izango da, idatziz, argazkiekin edota bideoekin. Kanpainen berri ere bertan emango da», azaldu du Aitor Ibarguengoitia ingurumen teknikariak. Tamaina handiko hondakinak maiztasun handiagoarekin jasoko dituzte. Altzariak eta tamaina handiko bestelako gauzak lehen hileko azken ostegunetan jasotzen zituzten; orain, berriz, astelehen, asteazken eta ostiraletan jasoko dituzte, 11:15etik 13:10era artean. Lerro zurikoak (garbigailuak, hozkailuak...), lerro marroikoak (telebistak...) eta lerro grisekoak (ordenagailuak...), asteartetan eta ostegunetan jasoko dituzte. «Gauza horiek utzi aurretik 900 10 37 45 doako telefonora deitu behar da abisua emateko». Gorostiagako Garbigunean arrandegietan sortzen diren hondakinak kudeatzeko hozkailua ere jarri dute. «Arraindegiek ezin zituzten hondakinak edukiontzietara bota, eta askotan ibaira botatzen zituzten. Orain giltza bana eman zaie eta hozkailu hori erabiltzeko aukera dute. Beste ate batetik sartzen da, eta 24 ordutan erabiltzeko aukera izango dute. Arrain hondakin horiek enpresa batek jasoko ditu arrain-irina egiteko», zehaztu dute udalekoek.
Hondakinen hitzarmena alde batera utzi dute Aurreko agintaldian, orduko Udal Gobernuak eta Atez atekoaren aurkako plataformak, akordioa sinatu zuten, hondakinen auziari irtenbide bat emateko asmoz. Hitzarmen haren ondorioz, txipdun edukiontziak jarriko ziren herrian. Ordutik isiltasuna izan da nagusi. Garai hartan Plataformaren buru zen eta orain Zumaiako alkate den Oier Kortak azaldu duenez, hitzarmen hura alde batera utzi du gaur egungo Udal Gobernuak. «Mota horretako lehen edukiontziak Tolosan jarri zituzten. Pasa den udaberrian Tolosako edukiontziak jarri zituen enpresa gonbidatu zuen Udal Elkarteak Zumaian edukiontzi horiek jartzeko lehiaketan parte hartzera. Enpresak ezezkoa eman zuen, Tolosan arazo dezente izan zituelako. Bitan egon gara Tolosan eta ikusi dugu ez dabiltzala ondo. Beste enpresa batek bere materiala erakutsi zigun, baina haiek ere akatsak zituzten. Hori ikusita, hitzarmena alde batera uztea erabaki dugu. Oposizioak ez da askorik kexatu. Iazko abuztuko datuak dira ditugun azkenak eta %43ko birziklatze maila dugu Zumaian. Gure asmoa gaur bezalako neurriekin birziklatze maila igotzen jarraitzekoa da».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide