EAEko suhiltzaileek sinadura bilketa jarri dute martxan sektorea arautuko duen legearen aurka .Ordukako suhiltzaileen figura jasota dago lege proposamenean
Euskal Autonomia Erkidegoko suhiltzaileek sinadura bilketa bat jarrita dute martxan Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den lege bat geldiarazteko. Suhiltzaileen ustez, Eusko Legebiltzarrera eraman nahi duten lege proposamenak, ez ditu jasota sektoreak dituen hainbat arazorentzako irtenbideak. Bestalde, suhiltzaileen iritziz «susmagarriak diren figura batzuk» jasota daude proposamenean, ordukako suhiltzaileak, esaterako.
«Lehen aldiz EAEko 25 suhiltzaileen etxeak elkartuta gaude eta plataforma bat sortu dugu gure arazoen berri emateko», dio Iñaki Zorita suhiltzaile zumaiarrak. Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera eraman nahi duen suhiltzaileen legeak sutan jarri ditu sektoreko langileak. «Gure ustez lege hori ez da egokia, gauza asko jaso gabe dituelako. Lege baten beharra ikusten dugu, baina proposamen hori gelditzea eskatzen dugu. Lege proposamen horrek ez du jasotzen zein diren zehazki gure ardurak, zeintzuk diren gure lan eremuak, esku hartze bakoitzeko zenbat jendek egon behar duen edota zer arazorekin deitu behar gaituzten suhiltzaileok».
Behar-beharrezkotzat jotzen dutena da, suhiltzaile etxeak 24 orduz zabalik egotea eta bertan lan egiten dutenak suhiltzaile profesionalak eta langile publikoak izatea. Bizkaian eta Gipuzkoan 24 orduz daude zabalik; Araban, berriz, Gasteizkoa egun osoan zabalik dago, beste herrietakoak, aldiz, gauez itxita egoten dira.
Suhiltzaileen animoak asaldatu dituen figura lege proposamenaren lehen zirriborroetan ageri den ordukako suhiltzaileena da. «Gu ez gaude suhiltzaile boluntarioen aurka, baina ezin duguna onartu da zerbitzua boluntarioen bidez bakarrik estali nahi izatea. Gu profesionalak gara, formazio bat dugu.
Horregatik, diot jendeak ez dakiela zehazki suhiltzaile bat zer den. Askok pentsatuko dute suhiltzailea izateko nahikoa dela indartsua, azkarra eta ausarta izatea. Baina, horrez gain, prestakuntza bat beharrezkoa da. Suhiltzaile aritzeko oposizio bat pasatu behar da, eta gero formazio jarraitua eduki».
Gasteizeko gobernua lege proposamen berria egiten hasi zenean zerbitzua pribatizatzeko arriskua ikusi zuten suhiltzaileek. «Uztailean bi mobilizazio egin genituen, eta ondoren pribatizatzeko proposamena kendu zuten, baina hor atzealdean zerbait egon daitekeela uste dugu», adierazi du Zoritak. Ustezko pribatizazio horren inguruan kokatu du ordukako suhiltzaileen figurarena. «Boluntario bati deitzen bazaio, hasteko suhiltzaile etxera joan beharko du, jantzi, taldea osatu arte egon eta ondoren lanera atera. Hor denbora pila bat galduko litzateke. Gainera, enpresa bat sartzen bada hor dirua atera nahiko du nonbaitetik. Orain zerbitzua zergen bidez ordaintzen da, orduan, agian, zerbitzu puntualengatik ordaindu beharko litzateke».
Sinadurak change.org plataformaren bidez ari dira jasotzen, baina zenbait tokitan kartelek daramaten QR kodearen bidez ere sinatu daiteke mugikorrarekin. «Jendeak uste dezake guretzako zerbait eskatzen ari garela. Ez da hori. Guk zerbitzu onena eta publikoa izatea nahi dugu. Jendeari ez zaio buruan sartzen gure bizitza pribatuan ezbehar bat badugu, guk ere suhiltzaileen beharra izan dezakegu eta hor zerbitzu onena izatea nahi dugu».