Pasa den astelehenean, Gipuzkoako finantza kontseiluak egin zuen bileran, Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak, Jabier Larrañagak, Gipuzkoako udalerrietara aurreikusita zegoena baino 7,4milioi euro gehiago bideratuko dituela jakinarazi zien udalerrietako ordezkariei. Hori dela eta, Azkoitiko Udalak espero zituena baino 116.000 euro gehiago izango ditu 2016ko aurrekontuetan. Honen aurrean ondokoa adierazi nahi dugu: 2015eko zergen bilketa, EHBildu Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen ari zela egin zen, eta ondo dakigu zein kritika eta presio jaso genituen zerga eredu hura martxan jarri genuenenean. Orain EAJko gobernariek balorazio baikorra egin dute datu hauen aurrean eta udalentzako albiste ona dela adierazi dute, eta horrela da, jakina. Lau haizeetara saldu nahi izan den EHBilduren kudeaketa kaxkar horrek bere fruituak eman dituela, eta ez nola nahiko fruituak gainera, onartzeko ordua dela deritzogu. EHBilduk 4 urtean egindako lan eta esfortzuaren emaitza da hau dena. Bestalde, Gobernari ontzat dute bere burua EAJko hauek; ea 2016ko likidazioan, oraingo Foru Gobernua horrelako usta lortzeko gai den. 2011n hainbat udaletxe eta Gipuzkoako Foru Aldundia nola topa genituen, lur jota alegia, gogora ekarri nahi diegu. Guk gure politikaren ardatza dugu partaidetza eta aurreko legealdian hori argi utzi genuen, aurrekontuaren diru zati bat nola gastatu erabakitzeko aurrekontu partehartzaileak erabiliz . Oraingo gobernuak martxan ziren parte hartze prozesu guztiak desegin ditu herritarren iritzia emateko bide garrantzitsuak desagertu egin direlarik. 116.000 euro hoiek nola gastatu, herriari galdetzeko eta Danon Herrixe berriro martxan jartzeko eskatzen diogu Javier Zubizarretaren Udal Gobernuari. Badakigu ez daudela ohituta herriari horrelako gauzak galdetzen, baina guri udaletxeko kudeaketa gardena izan dadin behar-beharrezkoa iruditzen zaigu.