Azken denboraleak ez du eragina izan gizakiek egindako azpiegituretan bakarrik. Zumaian, Algorrin, harrarteko geruza oso bat erori zen lurrera. Twitterren, batzuk, tonu poetikoa erabili dute gertakari honen harira: «Haragi bizitan dagoen zauri baten moduan ageri da Algorrin erori den geruza. Mina ematen du ikusteak», zioen Josu Waliñok. Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifiko Asier Hilario geologoarentzat, berriz, Algorrin gertatutakoa ez da albistea ere. «Halakoak sarritan gertatzen dira. Kontua da hau jendearentzako hurbil dagoen leku batean gertatu dela, eta utzi duen tokian kolore bizi bat duela».
Luizi hau flysch hitzaren atzean zer ezkutatzen den jakiteko baliagarria dela dio Hilariok. «Flysch terminoa Suitzan erabiltzen den alemaniarretik dator. Flyschen hitzak irristatu, labaindu esan nahi du bertako alemanez. Suitzako ingeniari zibilentzako harri mota hau okerrena zen, erori egiten zelako, eta izen hori jarri zioten. Hostopilaren antzekoa da: geruza gogorrak eta bigunak tartekatuta daude, eta biguna mugitzen denean, gogorra erori egiten da. Hori da Algorrin gertatu dena».
Euskal kostaldeak jasaten duen higadura antzemateko adibide ezin hobea dela uste du Hilariok. «Euskal kostalde ia osoa mota honetako harriz osatuta dago, eta itsasoaren edo euriteen poderioz, labarrak desegin egiten dira. Honen antzekoa gertatzen da Zumaia, Getaria eta Zarautz arteko errepidean. Getarian orain hiru urte izan zen luizi hartan ere antzera gertatu zen. Euri ura geruzen artean sartzen da, eta bigunena desegitean, gogorra irristatu egiten da».
Geologoak azaldu duenez, Euskal Kostaldeko Geoparkeak ikerketa bat abian jarrita dauka Kantabriako Unibertsitatearekin kosta zati honek urte jakin bateko epean jasan dezakeen higadura ezagutzeko.
Hilariok ez du uste eroritako harrien artean fosilik egongo denik. «Leku hori ezagutzen dut, eta ez dut uste ezer dagoenik. Bihar [gaurtik] naiz joatekoa eta ikusiko dut zer dagoen bertan. Luizi bat dagoenean aztertzera joaten gara, ez fosil berriren bat aurkituko dugulako, baina agian bai espezie ezagun baten fosil berri bat», azaldu du.