Metal topaketak 2016, Zumaiatik mundura

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ots. 17a, 12:57

Metalezko instrumentuen inguruan Europan dauden jotzaile onentsuenak izango dira martxoaren 11tik 13ra Zumaian. ‘Zumbrass’ egitasmoaren barruan ‘masterclass’-ak eman, musika eskoletakoekin bildu eta kontzertuak eskainiko dituzte.

Zumbrass 2016 aurkezten Jon Iraola zinegotzia, Silvia Merino, Jose Mari Azkue eta Luis Orduña (Juan Luis Romatet) Tronpetak, tronboiak, tronpak eta tubak osatzen dute metalezko instrumentuen familia. 2010. urtetik hona, metal topaketak antolatu izan dira Zumaian musika instrumentu horien irakaskuntza bultzatu eta, horri lotuta, Zumaiako Udal Musika Bandan (ZUMB) instrumentu horien jotzaile kopurua gehitzeko. Helburu horiek betetzeko oraindik zer hobetu dagoela uste duten arren, neurri batean beteta daudela ikusten dute. Orain jardunaldien antolatzaileak prest daude salto handi bat eman eta topaketei beste dimentsio bat emateko. Hala, martxoaren 11tik 13ra bitartean Zumbrass izendatu izan diren VII. topaketak egingo dituzte, eta Europa mailan instrumentu horien inguruko jotzaile garrantzitsuenak ekarriko dituzte Zumaiara. Topaketak izango diren egunetan ikastaro profesionalak eskainiko dituzte, eta Euskal Herriko musika eskoletatik Zumaiara joandako ikasleekin ere bilduko dira. Herritarrek eta musikazaleek izango dute musikarien maisutasuna entzuteko aukera, asteburu horretan egingo diren kontzertuetan ere parte hartuko baitute. Iazko topaketak bukatu ahala  hausnarketa prozesua hasi zuten Musika Eskolakoek eta ZUMB-eko arduradunek. Orduan, norabide aldaketa bat beharrezkoa ikusi zutela azaldu zuten atzo Luis Orduña eta Jose Mari Azkue ikastaroen zuzendariek eta Silvia Merino  Musika Eskolako ikasketa buruak. «Hasieran jarri genituen helburu haiek bete ondoren, aurten beste formatu bat izango dute topaketek eta musikari profesionalentzako masterclass-ak emango dira», azaldu zuen Merinok Alondegian egindako topaketen aurkezpenean. «Luisek eta biok askotan hitz egin izan dugu honi buruz. Eskaintza zabaltzea beharrezkoa ikusten genuen Zumaia metalezko instrumentuen aurreko planoan jartzeko», gaineratu zuen Musika Bandako zuzendaria den Azkuek. Formatu berri honetan ikastaroak bi taldetan banatuko dituzte: ostiralean, larunbatean eta igandean musikari profesionalentzako masterclass-ak eskainiko dira; larunbatean, berriz, Musika Eskoletako ikasleentzako jardunaldiak egingo dituzte egun osoan. «Ikasle kopuru handiagoa izateaz gain, Zumaia metalezko instrumentuen munduan erreferente bihurtzea ere bada helburua», azpimarratu du Luis Orduñak. Klaseak ematen Danimarkatik, Suitzatik eta Alemaniatik etorritako irakasleak ariko dira. «Ez da batere erraza izan jende hori hemen izatea lortzea. Beraien agendak dituzte, eta guztiak egun berean toki batean egokitzea oso zaila da. Rubiken kubo bat begiak estalita dituzula egitea bezala izan da. Ezinezkoa zirudien, baina azkenean denak bat egin du». Irakasleen izenak ezagutzera eman orduko hasi ziren deiak jasotzen. «Bizpahiru egunetan tronpetarako eta tronboirako lekuak bete ziren, eta orain itxaron zerrenda dugu. Tronpa eta tubarako badaude tokiak», adierazi zuen Azkuek. Zaragozako eta Castelloko ikasle batzuk izan ziren izenak ematen aurrenak. Izenak www.zumaia.eus webgunean eman daitezke, Zumbrass 2016 izeneko atalean. Masterclassetarako matrikula 60 eurokoa izango da zumaiarrentzat, eta 100 eurokoa Zumaiatik kanpokoentzako. Musika eskoletako jardunaldien kasuan, zumaiarrak ez direnek 30 euro ordainduko dituzte eta herritarrek 15 euro. Azken honetan bazkaria ere sartuko da. Hiru kontzertu Kontzertuak ere izango dira Zumbrass-ak irauten dituen hiru egunetan: martxoaren 11n, maisuen kamera musikako kontzertua izango da; hilaren 12an, musika eskoletako eta ikasle profesionalena; eta, hilaren 13an Frits Damrowena, «mundu mailako tronpeta-jole garrantzitsuenetakoa da bera. Hiru kontzertuetan eta ikastaroetan izango ditugu egungo instrumentista onentsuenak. Horrek ekarriko du metalaren zabaltzea», azpimarratu du Jose Mari Azkuek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide