Euskararen bilakaeraren inguruko lanarekin hasiko da ikus-entzunezkoen zikloa Zumaian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko ots. 16a, 06:36

Lau saioz osatuko da aurtengo ‘Euskara, bestela ez gara’ zikloa. Saioak 18:30ean izango dira, Alondegian

Urtero bezala, ziklo berezia antolatu du Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak otsailerako eta martxorako. Hala ere, aurtengoak badu berezitasun bat: hitzaldien ordez euskarari buruzko ikus-entzunezkoak emango dituzte, eta bakoitzaren ondoren solasalditxo bana izango da gonbidatu batzuekin. Aurtengo helburua da saioetan parte-hartzea bultzatzea, eta bertaratzen diren guztiek iritziak trukatzeko aukera izatea.  Denak 18:30ean izango dira, Zumaiako Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Lehenbizikoa bihar izango da. Euskara Jendea dokumental sortako seigarren atala emango dute, Mundua osatzen izenekoa, azken 5-6 hamarkadatan euskarak izandako bilakaera jasotzen duena. Juan Carlos Etxegoien Xamar arituko da lana aurkezten eta solasaldian azalpenak ematen. Etxegoienek Euskara Jendea izeneko liburua idatzi zuen 2006. urtean. 2013an, berriz, sei dokumentalez osatutako sorta ekoitzi zuen, talde-lanean. Dokumental horietako azkena da bihar, asteazkena, ikusi ahal izango dena. Beste hiru saio Otsailaren 24an Lutxo Egia etorriko da Zumaiara, 2015ean Bilbon egin zuen Transitoak performancearen ingurukoak azaltzera eta galderak erantzutera. Aurrez, kokatzeko, Ertzak programako atal bat emango dute: Euskaraz badakigu, zergatik ez gara bizi euskaraz? Hirugarren ikus-entzunezkoa martxoaren 2an izango da, eta Iñigo Asensio etorriko da Euskara munduan dokumentala aurkeztera. Batez ere kanpoan bizi diren euskaldun batzuen bizipenak biltzen ditu lan horretan, euskararekin lotutakoak. Euskara, bestela ez gara zikloaren azkeneko emanaldian, martxoaren 9an, zeharka aztertuko dute euskara, oinarrian Amerikako jatorrizko hizkuntzei buruzko lana delako Beltzean mintzo izenekoa. Garabide elkarteko Txema Abarrategi arituko da orduan ikus-entzuleekin solasean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide