Manuel Esnal zumaiarrak ondo gogoan du duela 75 urteko ezbeharra (Juan Luis Romatet)
Ilargi beteko gau bat zela du gogoan Manuel Esnalek. Haize boladak itzelak ziren, urakanaren parekoak. 13 urte zituen Esnalek 1941eko otsail hartan. «Halako haizea egiten zuen teilak hegan eramaten zituela. Makina bat zuhaitz ere bota zituen haize hark».
Penintsulako iparralde guztian izan zuen eragina, eta garaiko egunkarietan urakana bezala definitu zuten hego-ekialdeko haize bortitza: Bilbon txikizioak eragin zituen hainbat eraikinetan; Santanderren (Espainia), berriz, alde zahar osoa desagertu zen haizearen ondorioz piztutako sutearen ondoren. Zumaian tren istripua gertatu zen otsailaren 15 hartan, 22 hildako eraginez. Gertakari lazgarri haren 75. urteurrena betetzen da aurten.
Esnal tren estaziotik hurbil bizi zen, Mendaro etxean. Trenari lotuta egon da bere bizitza osoa. Haren aita treneko langileburua zen: Zumaia eta Zarautz arteko burdinbidearen ardura zuen. Esnalek aitaren bideari jarraitu zion: faktore bezala hasi zen eta erretiroa hartu aurreko 20 urtetan Zumaiako tren geltokiko burua izan zen. 88 urte beteko ditu aurten, eta gau ilun hartako gertakariak herenegun pasa izan balira bezala ditu gogoan.
Bilbotik Donostiara zihoan trena atzerapenarekin zetorrela du gogoan. «Arratsaldeko zortzi eta erdietan heldu behar zuen Zumaiara, baino gaueko hamaikak inguru izango ziren heldu zenerako.
Tren-makinak eta hamar bagoik osatzen zuten konboia. Geltokitik Donostiarantz atera zen momentuan, zuhaitz handi bat katenariaren gainera erori zen. Sortutako txinpartak etxetik ikusi genituen. Halako zorte txarra izan zen, konboia Urola gaineko tren zubian geratu zela indarrik gabe. Bertan geratu zen geldirik, ez aurrera, ez atzera».
Toki txarrenean
Une txarrenean eta leku okerrenean, Esnalen ustetan. «Bi tunelen artean geratu izan balitz, ez dut uste ezer gertatuko litzatekenik, baina justu tren zubi gainean geratu zen konboia, haizeari aurre egiteko babesik ez zuen tokian». Haizeteek zuzenean jotzen zuten trena.
45 tona zituen tren-makina zubian mantendu zen, «errailetik irtenda. Makinaren atzean zihoan bagoi bat zintzilik geratu zen makinari lotuta, hiru erriora erori ziren, eta besteak ibaiaren ertzean geratu ziren iraulita», kontatu du Esnalek. Istripuaren berri eman zuten garai hartako egunkariak gordeta ditu oraindik ere. Argazkiek garbi erakusten dute istripu haren larritasuna.
Garai hartako Zumaiak gaur egungoarekin zerikusi gutxi du. «Dozena bat etxebizitza egongo ziren Estazio auzoan eta bertan trenarekin zerikusia zuen jendea bizi zen. Herria eta auzoaren artean etxebizitza gutxi batzuk bazeuden, baina bestela erribera zen hura». Hala ere, istripuaren berri berehala zabaldu zela gogoratzen du. «Garai hartan militarrak zeuden Amaya Hotelean eta egindako deiari erentzunez, laguntzera joan ziren. Baita herritar mordoa ere. Orduan linternarik ez zegoen eta kriseiluak erabili ziren argi bezala».
22 hildako
22 pertsona hil ziren Euskal Herrian izandako tren istripu larrienetako hartan. 54 zauritu ere izan ziren. Hildakoen artean eskualdeko hainbat bizilagun zeuden (Zarauzkoak, Getariakoak eta Azpeitikoak), baina baita Urrestilla auzoan eta Azpeitian maistra lanak egiten zituzten Donostiako bi emakume ere. «Artadin maistra lanak egiten zituen emakumezko bat gure amaren laguna zen, eta ikusita zer nolako atzerapenarekin zetorren trena, gaua gure etxean pasatu zuen. Hala salbatu zen istriputik».
Gorpu gehienak unean bertan berreskuratu zituzten, ibaian edo bagoietan bertan. Treneko buruaren gorpua, baina, Landetako Santons hondartzan aurkitu zuten astebetera. Ikerketa batzuen arabera, trena uretara bota zuen haize boladaren abiadura orduko 180 kilometro baino handiagoa zen.
Erlojua eta gurina
Amaya Hotelean zeuden militarrek laguntzeko prestutasuna erakutsi bazuten ere, une ez hain gogoangarriak protagonizatu zituztela dio Esnalek. «Bi militar gorpu bat eramaten ari ziren eta justu gure etxearen aurrean geratu ziren, nire leihoaren azpian. Militar haietako batek hildakoaren erlojua hartu zuen eskumuturretik eta poltsikoan gorde zuen. Garbi-garbi ikusi nuen».
Beste mota bateko pasarteak ere gogoan ditu. Gerraosteko negu amaigabean, gosea nagusi zen garai hartan, aurkikuntza baterako tartea ere izan zuen. «Hurrengo egunean lagun talde bat istripua izandako bagoi batean sartu ginen, eta bidaiari batek utzitako janaria aurkitu genuen. Hala izan genuen gurina dastatzeko aukera!».