Euskal Herrian bizi den Aalia kanporatzeko agindu zuen iaz Espainiako Ministerioak . Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen erabakia . 19:00etan izango da Oxforden
Zumaiako Darahli elkartea hainbat ekintza ari da egiten urte honen hasieratik Tindufeko kanpalekuetan bizi diren saharar errefuxiatuei laguntzeko, eta erbestean bizi den Mendebaldeko Saharako herriaren auzia ezagutzera emateko. Janaria bildu zuten eta Peio Romatet argazkilariaren irudiez osatutako erakusketa ere zabaldu zuen Alondegian (igandera bitartean dago zabalik). Azken ekitaldi honekin lotuta, bi saio izango dira aste honetan: bihar, osteguna, ipuin kontaketa izango da, eta etzi, ostirala, Hassanna Aalia ekintzailearen hitzaldia. Bi ekitaldiak 19:00etan izango dira, Alondegiko Oxford aretoan.
Hassanna Aalia gaztearen auziak hedabideetara salto egin zuen 2015. urtean. Marokoko epaitegi militar batek Aalia epaitu zuen,—gazte sahararra epaiketan egon ez zen arren— eta bizitza osorako kartzela zigorra ezarri zion, 2010ean Gdeim Izik erresistentzia kanpaldian parte hartzea leporatuta. Ekintzaile hori Euskal Herrian bizi zen une horretan. Saharara bidalita atxilotua, torturatua eta espetxeratua izateko arriskuan bazegoen ere, iazko urtarrilaren 19an Espainiako Barne Ministerioak Aaliari babes eskubidea ukatu zion.
Hori jakinda, gazte honentzat asilo politikoa eskatzeko mugimendua jarri zen martxan. Horrekin batera, iazko martxoan helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalean Barne Ministerioaren erabakiaren aurka. Hilabete horretan bertan bere aldeko behin-behineko erabakia hartu zuen auzitegiak. Erabakiari muzin eginez, poliziak Hassanna Aalia atzeman, eta 48 orduan alde egiteko agindu bat eman zion urrian. Hilabete horren amaieran, Auzitegi Nazionalak Aaliaren kanporatzea eten zuen.
Ostiral arratsaldeko hitzaldian lurralde okupatuetako giza eskubideen egoeraz hitz egingo du Aaliak.
Ipuin kontaketa bihar, osteguna
Aurretik, bihar, Chertat eta lehoia ipuina kontatuko da, arabieraz eta euskaraz. Chertat pertsonai fiktizioa da, oso ezaguna Saharan. Arabierazko bertsioaren egilea Cheij Ahmed Bahia sahararra izan da. Euskarazko bertsioa, berriz, Jexux Eizagirre Portillo idazle hernaniarrak egin du.