Peio Romatet: "Pobrezian bizi dira, baina duten jarrera positiboak harritu egin ninduen"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urt. 28a, 11:52

Peio Romatet argazkilari zumaiarrak erakusketa zabalduko du gaur Oxforden. Iaz Darahli elkartekoekin Tindufera egindako bidaian ateratako argazkiak erakutsiko ditu Alondegiko aretoan

Peio Romatet argazkilari zumaiarra berak ateratako irudi batekin (Juan Luis Romatet). Peio Romatet argazkilari zumaiarrak aspalditik zuen Tindufeko kanpalekuetara joateko gogoa, erbestean bizi diren Saharako errefuxiatuen bizitza bere kameren bidez jasotzeko. Pasa den urteko Aste Santu inguruan izan zuen bere ametsa betetzeko aukera: Darahli elkarteak herriko gazteekin desertura egiten duten bidaiaren lekuko izan zen. Egun haietan ateratako argazkiak erakutsiko ditu orain Zumaiako Alondegian, Hondarrean argi eta irrifarrak izenburua duen erakusketan. Bidaiara joan aurretik zituen usteak hankaz gora jarri zitzaizkiola dio argazki erakusketa muntatzen duen bitartean. «Joan aurretik miserian bizi den herri bat aurkituko nuela uste nuen, eta bai, pobrezian bizi dira, baina beraien jarrera positiboak harritu egin ninduen», dio. Milaka argazki atera zituen bidaiak  iraun zuen astebete inguruan. Egun horietan egindako  ekitaldi guztiak jaso zituen kamerarekin, eta ia denborarik ez zuen izan kanpalekuan zehar mugitu eta beste mota bateko irudiak lortzeko. «Oso zaila da hori. Beti duzu norbait alboan. Hala ere, bertako jendeari argazkiak ateratzeko arazorik ez nuen izan. Emakumeekin zertxobait gehiago, agian, isilagoak direlako». Ateratako argazki haiek guztien artean aukeraketa egin beharra izan du gero. «Aurretik lehen aukeraketa bat egin nuen, Darahlikoek eskatuta, gurasoei argazkiak bidali behar zitzaizkielako. Ondoren, multzoka banatu ditut: paisajeak, edadetuak, umeak, Darahliko gazteak hango jendearekin... Agian gazte jendea falta da, baina, noski, haiek ez dira kanpalekuetan bizi. Aukeraketa egiterakoan zalantzak izan ditut; ez nekien Darahlik zer nolako erakusketa nahi zuen, baina askatasuna eman didate». Alondegian gaur arratsaldean zabalduko den erakusketa bere aurrenekoa da. Azken egunotan, gainera, herri mailako bi lehiaketa irabazi ditu: Inauterietako kartel lehiaketa eta Gabonetako argazki lehiaketa. «Toki guztietan agertuko naiz». Darahlirekin hartu duen konpromisoa ez da erakusketa honetara mugatzen: bi koadro eman dizkio elkarteari saldu eta ateratzen den diruarekin elkarteak aurrera eraman nahi dituen senidetza proiektuak finantzatzeko. Ekitaldi gehiago Argazki erakusketa otsailaren 14ra bitartean egongo da zabalik Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan, egunero 18:00etatik 20:00etara eta asteburuetan baita eguerdietan ere, 12:00etatik 14:00etara. Ikusentzunezkoen txokoa ere izango du; argazkiak eta gaiari buruz egindako dokumentalak erakutsiko dituzte. Informazio mahai bat ere jarriko du Darahlik, elkarteak egiten dituen ekintzen berri emateko. Ipuin kontaketa saioa eta hitzaldia ere antolatu dituzte. Otsailaren 11n, Cheij Ahmed Bahiak Chertat eta lehoia helduentzako ipuina kontatuko du, arabieraz eta euskaraz. Otsailaren 12an, Hassanna Aaliak Lurralde okupatuetako giza-eskubideen egoera hitzaldia eskainiko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide