Leire Barriuso: "Unescoren izendapenak munduko mapan jarriko gaitu"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko abe. 2a, 12:46

Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailea da

Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko kudeatzailea (Juan Luis Romatet) Unescok Geoparkeen sarea osatu du, eta haren barruan sartu da Euskal Kostaldeko Geoparkea. Geoparkeko gerente Leire Barriusok datozen urteera begira dituzten erronken berri eman du. Unescoren geoparkearen sarea eratu da. Zer pauso eman dira? Hasieratik zegoen mundu mailako sarea eratzeko asmoa, Unescoren aterpean. Europako sarea 2000. urtean sortu zen eta sare globala edo mundu mailakoa 2014an. Helburua Unescoren izendapena jasotzea zen, baina horretarako non zintzilikatu behar genuen. Lurren Zientzien Sekzioa zegoen; pixka bat moldatu da, eta orain Lurren Zientzien Programa eta Geoparkeak du izena. Azaroaren 17an egindako Unescoren asanblada orokorrean erabaki zuten programa hori sortzea, eta gaur egun munduan dauden 120 geoparkeak Unescoren geoparkeak bihurtu dira. Zer suposatuko du horrek? Geoparkeak mundu mapan jartzea ekarriko du. Azken finean, Unescok duen marka hori nazioarte mailan ezaguna da, eta sustapenerako marka indartsua da. Kanpora begira bisitari kopurua gehitzea ekarriko du. Baina etxe barrurako ere garrantzitsua izango da. Erakundeek ongi ikusi dute Geoparkea hasieratik, baina izendapenak garbi utziko du honek duen potentzialitatea. Gaur egun gizateriaren ondareak, biosferaren erreserbak eta geoparkeek maila berbera daukagu. Beste izendapenek urte asko daramate. Geoparkeek ez dute horrenbesteko ibilbiderik, baina beti izan du nazioarteko bokazioa. Sortu zenetik mundu mailan zabaltzea zuen helburua, eta geoparke desberdinen arteko kolaborazioa oso estua izan da. Sarea oso dinamikoa da, urtean bitan elkartzen gara, jardunaldiak ere izaten dira... Elkarlana oso sendoa izan da, eta Unescok hori oso ondo ikusi du. Orain, geoparkeen figura hori munduko beste leku batzuetan hedatzea izango da helburua. Zer leku izango lirateke? Geoparkeak Europan sortu ziren, eta Asian ere lan handia egin da. Afrikan ez dago. Ameriketan, Kanadan eta Brasilen bai, baina Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) ez. Han parke naturalak daude. Oso figura desberdinak dira. Parke naturalek AEBn ateak dituzte: sarrera ordainduta sartu behar da; babeserako figurak dira. Geoparkea, berriz, garapenerako figura bat da. Unescok garapen iraunkorra, kultura, zientzia eta hezkuntza bultzatzen ditu. Azkenean haren eta gure baloreak berdinak dira. Izendapen honek toki egoki batean kokatzen gaitu, eta gainera estimatuak diren baloreekin. Munduan dauden geoparkeak automatikoki sartu dira edo azterketa bat pasatu behar dute? Eskaerak banan-banan egin dira. Berezitasun bat dago hemen: Unescoren ordezkariak estatuak direla. 195 estatuk osatzen dute gaur egun Unesco. Gure kasuan lankidetzarako nazio mailako batzordea dago, atzerri-ministerioaren barruan dagoena. Unescok programa berri hori eratu duenean, batzordeak babesa eman zuen. eta Espainian dauden geoparke guztiak, 11, gutun horrekin sartu dira sarean. Euskal Kostaldeko Geoparkearentzat erakusleiho handia izango da hau. Kalitate marka ere bada. Ikerketak egiteko, dibulgaziorako... beste entitate bat du. Bisitari kopurua igotzeaz gain, noski, beste arlo batzuk garatu nahiko genituzke, ikerketa eta hezkuntza aldetik batik bat. Barne funtzionamenduan izango al du eraginik? Espero dut etxean bultzada bat suposatuko duela, administrazioek apustua handitu dezaten. Gure geoparkeak bost urte daramatza, 2010. urtean sartu zen sarean eta 2014an errebalida pasatu zuen. Gero eta esparru zabalagoak ukitzen dituela ikusten da, eta pertsonal aldetik ditugun baliabideak ez direla oso zabalak. Barrura begira aurrerapauso bat eman behar da. Begira, hor dago Urdaibai: Biosferako erreserba da, eta zuzenean Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du. Gureekin alderatuta dituzten baliabideak handiagoak dira. Ez nago horri begira, baina... Nahiz eta biosferaren erreserbak ibilbide luzeagoa izan, maila berean gaude. Izendapen honek apustua handitzeko balio beharko luke. Zer nolako erreakzioak izan dira albistea jakin ondoren? Oso onak. Jende askok zoriondu gaitu. Oihartzun handia izan du: 120 geoparke batera pasatuko dira Unesco izatera eta oihartzuna mundu mailakoa izan da. Inguruan lanean aritu den jendeak pozik hartu du izendapena eta udal mailan ere bai. Beti diot honen oinarria udalak direla; beraiek egin zuten apustua hasieratik eta urtero mantentzen dute. Izendapena beraientzat ere oparia izan da. Izendapenaren ondoren Geoparkea zer izango den? Izango da guk nahi duguna edo egiteko gai garena. Lehen egin behar genituen gauza berak egin behar ditugu, lau urtean behin errebalida pasatuz. Iaz pasatu genuen lehena, emaitza oso onekin; 2018an bigarrena pasatu behar dugu, eta horretarako irizpideak ipinita daude. Irizpide horiek Unescok onartu ditu, eta guk orain arteko bidea jarraitu behar dugu. Bost urte dira Geoparkea sortu zela. Zer bilakaera izan du bisitari kopuru aldetik? Aurtengo datu zehatzik ez dugu, baina ikusten dugu bisitarien kopurua asko igo dela, gehienbat 2013tik 2014ra eta 2014tik 2015era. Ezin da jakin zenbat jende datorren, Geoparkeak ez dituelako aterik. Ez zen erreala izango Debako hondartzara datorren jende guztia Geoparkera datorrela esatea. Datu batzuk erabiltzen ditugu bisitari kopuruak neurtzeko eta horiek gorantz doaz: turismo bulegoetako bisitariak eta irteera gidatuetakoak. 2013-2014an %60 igo zen kopurua, eta 2014-2015ean urriko datuekin %40. Gero eta interes gehiago dagoela ikusten da, eta atzerritik jende asko datorrela. Dinamika hori Gipuzkoa osoan antzematen ari da. Geoparkearen nazioarteko bokazio horrek laguntzen du. Datuak ixteko daude, baina datorren urterako eskaintza handitu beharko dugula ikusten dugu. Datozen urteetarako erronkak finkatuta al dituzue? Zalantzarik gabe. Erronka handiena Geoparkea gizarteratzea izango da, eta hau ez da urtebeteko edo biko kontua. Zaila da. Proiektu gazte guztietan gertatzen da, baina Geoparkearen bokazioa hemen bizi direnek Geoparkea eurena bezala sentitzea da, eta antolatzen diren ekintzetan parte hartzea. Herri mugimendu antzerako bat sortu nahiko genuke. Gauzak egin dira, proiektu asko aurrera eraman dira, baina gabezia hori ikusten dugu: jendearengana iristea, jendeak ulertu dezan hau zer den eta senti dezan bera ere Geoparkea dela. Geoparkea turismoarekin lotzen dutenen aurreiritzia dago oraindik. Hori ez da egun batetik bestera ezabatuko. Gauzak egin, egin eta egin behar dira. Guretzako sentsibilizazioa oso garrantzitsua da. Horretara zuzenduta sare sozialak edo buletinak erabiltzen ditugu. Egia da kostatzen dela eta batzuek Geoparkea flyscharekin bakarrik lotzen dutela. Baina, erronka hori datorren urtean ere bera izango da. Pertsonekin, elkarteekin, enpresekin, merkatariekin lan handia dago egiteko eta hori Geoparkea iraunkorra izan dadin gakoa da. Datorren urtean geoparkeen bilera bat antolatuko duzue hemen. Geoparkeen Europako sarea urtean bitan biltzen da: martxoan eta irailean. Guk antolatuko dugun bilera martxoaren 17, 18 eta 19an izango da. Bilera itxiak  dira. Gaur egun 69 geoparke daude Europan eta bakoitzetik bi ordezkari etorriko dira: geologoa bat eta beste gestioa edo garapena eramaten duena. Bi horiek behartuta gaude urtean bitan bileretara joatera. Ni hasi aurretik, 2012an, hautagaitza aurkeztu zen 2016an, Donostia 2016 egitasmoarekin batera, hemen bilera egiteko. Ez genekiena zen Unescon sartu ondorengo lehena izango zela. Horrek bere oihartzuna biderkatuko du. 150 bat lagun espero ditugu, Unescoko ordezkariak barne. Bi egunean zehar bilera itxiak egingo dira eta kultura eta gastronomiarekin lotutako ekintzak ere izango dira. Bukatzeko, azkenengo egunean txango bat ere egingo da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide