Anari eta Ainara LeGardon kontzertua. Azaroak 22, Azpeitiko Sanagustin kulturgunea.
Neguko lehen asteburua izan berri dugu. San Martinetako uda txikia iragana da dagoeneko. Winter is coming (badator negua), diote askoren ahotan dagoen telesail batean, eta izandako eguraldi aldrebesak ez du esaldi hori zalantzan jartzeko arrazoirik ematen. Beste mota bateko erauntsiaz blai egiteko parada izan zen igande arratsalde zakarrean kulturgune bihurtutako Azpeitiko Sanagustin eliza zaharrean. Erauntsi emozionalak eskaini zituzten Anarik eta Ainara LeGardonek. Bi emakume, azkoitiarra bata, bilbotarra bestea, estudioko bosna diskoren egileak biak eta amodioak edo amodio ezak sortu ditzakeen katastrofe emozionaletan sakontzen duten abestien sortzaileak. Biak ere beraien azken diskoak aurkeztu zituzten: Anarik Zure aurrekari penalak (Bidehuts, 2015) ; Ainara LeGardonek bere kabuz plazaratutako Every minute (2014).
Kontzertuak zabaltzen dituzten talde edo abeslarien lana ez da erraza izaten, are gehiago LeGardon bezala, bakarrik, gitarra elektriko baten laguntza soilarekin agertzen bada entzulegoaren aurrean. Hala ere, nahikoa izan zuen gitarraren sokak bitan astintzearekin entzuleen atentzioa bereganatzeko. 2002an bakarkako lehen diskoa atera zuenetik PJ Harvey britainirrarekin aspertzeraino konparatu dute. Antza hori ukaezina da, hala da; baina rockaren eta bluesaren bidezidorrak hartu dituzten beste artista batzuen eragina ere suma daiteke bere proposamenean, Nick Cave handiarena kasu. Murmuriotik oihura salto egiten du ingelesezko bere kantuetan, gitarraren punteatzeen gainean. Ekaitz elektriko eta distortsionatu batekin amaitu zuen bere saio laburra. Laburregia honen gusturako.
1990eko hamarkada erdian hasi zenean mila eta bat artistarekin parekatuko zuten Anariren musika. Hogei urteren ondoren bera da erreferentzia. Diskoz disko hain ondo menderatzen duen gai zerrenda landu du: maitasuna, izarapeko istorioak, fidelitatea, traizioa... Giza harremanak, bi hitzetan esanda. Hitzek berebiziko garrantzia dute bere errepertorioan eta aretoko soinu garbiari esker (a zer diferentzia Sanagustineko lehen kontzertu haietatik!) ez zen arazorik izan testu zaparrada jarraitzeko. Eta diskoetan bikaina dena (Zure aurrekari penalak ez da beste pauso bat soilik, bere ibilbidearen depurazioa da), zuzenekoan handitu, hazi egiten da. Hor, noski, zer ikusi handia du ondoan duen taldeak, azken urteetako kontzertuetan lagun izan duenak: Mikel Txopeitia (bateria), Drake (baxua), Borja Iglesias (gitarra) eta Mariano Hurtado (teklatuak). «Anari, gaur bost», esanaz hasi zuen saioa; taldekide guztiek osatzen dute Anari esperientzia.
Anariren kantek badute halako pauta bat: lasai antzera hasten dira, intentsitatean gora egin eta katarsi batekin amaitzeko. Horren erakusgarri da ia amaieran jo zuen Harriak intentsoa eta amaigabea, amaitzea nahi ez duzun kantu horietakoa eta argien efektu xume bezain zirraragarri batek moztu zuena.
Azken diskoko Hareago kantarekin hasi zuen kontzertua, gitarra akustikoa lepotik zintzilik. Bigarren kanturako elektrikoa hartu zuen , eta han hasi zuen igoaldia. Bakarka, talderik gabe, kanta bat abestu zuen (Efemerideak) eta baita Bob Dylanen bertsioa ere taldearekin, Girl of north country, euskaratzean Iparraldeko neska bihurtu duena. Bakarkako kontzertuetan abesten du kanta hau eta azaldu zuenez taldearekin ia entseatu gabe jo zuen.
Bis-entzako geldialdi hutsalak alde batera utzi eta etenik gabeko kontzertua eskaini zuen. Harriak, Oreinak eta Harmagabetzea danbatekoekin amaitu zuen arratsa, zaletuak armagabetuta utziz.