XIX. mendeko teknologiaren erakusgarri melodikoa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2015ko aza. 19a, 19:13

Zumaiako San Pedro parrokiako organoak 125 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko bi kontzertu eta bisita gidatua antolatu dute

Iker Gonzalez, Mari Carmen Azpeitia eta Maite Ibarra Zumaiako San Pedro parrokiako organoaren aurrean (Juan Luis Romatet). Egurrezko palanka bati tira egin eta oboe musikaren doinuak ateratzen dira hodietatik; beste palanka bati eragin, teklatua ukitu eta egurrezko kutxaren barruan doazen kableei esker, flautaren musika barreiatzen da ilunpean dagoen elizako espazioan zehar. 125 urte baditu ere, San Pedro parrokiako organoa oso ondo mantentzen da. Urteurren hau ospatzeko, bi kontzertu eta instrumentuaren bitxikeriak azalduko dituen bisita gidatua antolatu dituzte. «Garai hartako teknologia aurreratuena erabiltzen zen instrumentu hauetan. Orain autoetara bideratzen dena, lehen organoetan erabiltzen zen», dio Iker Gonzalezek teklatu horitua ferekatzen duen bitartean. Harekin dira Mari Carmen Azpeitia eta Maite Ibarra. Hirurak dira organo-jotzaileak, hirurek ezagutzen dituzte instrumentu honen berezitasunak. Azpeitiak, gainera, kontzertua eskainiko du bihar bertan San Pedro Abesbatzarekin batera, parrokian. Instrumentua 1890. urtean erosi, eta era horretan parrokian zegoen hutsune bat bete zuten. «Aurreko organoa, barroko iberiko bat zen, XVI. mendearen hasieran erositakoa. Mende bat geroago berrikuntzak egin zitzaizkion. Beste herri batzuetan, Azpeitian adibidez, berria erosi zuten; Zumaian ez, dirurik ez zegoelako», azaldu du Iker Gonzalezek. XIX. mendearen amaieran, zementugintza zen herriko motorra, obra zibilak egiten hasi ziren herrian eta orduko parrokoak, Manuel Gabriel Beobidek —Julio Beobide eskultorearen osabak— organo berria eskatzeko une egokia zela ikusi zuen. «Aurrekoa hondatuta zegoen, eta berria erosteko eskaera egin zuen». Hasieran ez zioten kasurik egin Beobideri, bai handik urte eta erdira, ordea. Orduan hasi ziren pixka bat mugitzen. Jaiotzez azkoitiarra zen Azpeitiko organo-jole Jose Ignacio Aldalurrekin jarri ziren harremanetan. «Pertsona honek karlistaldietan Parisera egin zuen ihes, eta garai hartan organoak egiten zituzten etxe guztiak ezagutu zituen. Cavaille-Coll etxekoak ziren garestienak eta Stoltz izango zen hurrengoa», azaldu du Gonzalezek. Hiru proiektu jaso zirela dio [haietatik bi gordeta dituzte] eta haien artean, elizaren ezaugarriak eta zegoen diru kopurua kontuan hartuta, Stoltz Freres etxearen proiektua aukeratu zuten. Tamaina ertaineko organoa da parrokiakoa. Bi teklatu ditu, eskuekin 56 nota jotzeko, eta oinekin beste 30 jo daitezke. «Stoltzen une gorena izan zela esan daiteke. Tolosakoa (1885) eta Bergarakoa (1889) garai berekoak dira, eta biak Stoltz etxekoak», aipatzen digu Mari Carmen Azpeitiak. Finantzaketa kolektiboz Ordura arteko organo barrokoak alde batera utzi eta erromantikoen aldeko apustua egin zuten garai hartako egileek. «Zumaiakoa ere erromantikoa da. Bere barruan orkestra oso bat izatea zuten helburu», dio Gonzalezek. «Musikara ordenagailuak heldu arte hauek izan dira instrumentu konplexuenak». «Instrumentuen erregea da hau», berresten du Maite Ibarrak. Orduko 16.100 pezeta  kostatu zen organoa erostea. Ordaintzeko gaur egun ezaguna den crowdfunding  edo finantzaketa kolektiboaren metodoa erabili zela esan daiteke. «Parrokia beste lan batzuekin zorpetuta zegoen eta dirurik ez zuen; udalak ere ez zuen xoxarik jarri. Ordaintzeko 125 pezetako zor-agiriak erabili zituzten. Besteak beste, kofradiak, parrokoak eta alkateak ordaindu zuten. Noski, baita herritarrek ere. Pentsatu behar da garai hartan 125 pezeta kopuru handia zela». Parrokiako koroan jarri zenetik behin berriztatu dute organoa, 1979an, baina bere ezaugarriak mantenduz. «Beste eliza batzuetan hobekuntza informatikoak dituzten organoak jarri dituzte; honek, noski, berrikuntzak izan ditu —hauspoa eragiteko motorra jarri zitzaion—, baina bestela bere horretan mantendu da. Eta hori kontzertuak ematen dituzten organo-joleek eskertzen dute, benetako organo erromantikoak jotzea maite dute-eta».
Organoak 125 urte. Egitaraua - Azaroak 20, ostirala. Mari Carmen Azpeitia eta San Pedro Abesbatzaren kontzertua. 20:30ean. - Azaroak 26, osteguna. Organoa ezagutzeko bisita gidatua. 20:30ean. - Azaroak 28, larunbata. Santi Bandaren kontzertua. 20:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide